Politika -
PODEMOS
Podemosek Kongresuan Sumarrekin hautsi du eta Talde Mistora pasatu
Hilabeteotan izandako askotariko desadostasun publikoen ondoren, alderdi moreak behin betiko pausoa eman eta Yolanda Diaz buru duen koalizioarekin hautsi du.
Agentziak | EITB MEDIA
Podemoseko zuzendaritzak Espainiako Diputatuen Kongresuko Sumar talde parlamentarioa uztea erabaki du, eta BNG, Coalicion Canaria eta UPNrekin batera Talde Mistora pasatu da, Javier Sanchez Serna alderdiko bozeramaileak iragarri duenez.
Podemoseko bost diputatu aukeratu dituzte Sumarreko zerrendetan, eta horien artean daude Ione Belarra alderdiko idazkari nagusi eta ministro ohia, Lilith Vertsrynge Antolakuntza arduraduna eta Javier Sanchez Serna bera.
Sumarrekin desadostasunak zerrenden osaketarekin hasi ziren, Irene Montero zerrendetatik kanpo utzi zutela-eta, eta larritu egin ziren Espainiako Gobernu berrian zuen presentzia galdu ondoren, Irene Monterok eta Ione Belarrak Pedro Sanchezi eta Yolanda Diazi "botatzea" leporatu baitzieten.
"Koalizioaren barruan arauak ez dira berdinak, eta Podemosi ez zaio politika egiten utzi", deitoratu du Sanchez Sernak. Hori dela eta, diputatu moreak esan du Talde Mistora pasatzen direla Kongresuan politika egiteko gaitasuna izateko eta herrialdearen aldeko neurri "ausartak" bultzatzen jarraitzeko, "anbizio handikoak" izango direla azpimarratuz, Podemos "aldaketak egiteko dagoelako hemen".