Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Garridok, balizko koalizio bati buruz: "Nik Sumarri eskua luzatu diot, Landerri dagokio orain erabakitzea"

"Batasunaren alde aritu naiz lanean, eta horretan jarraituko dut, hori baita nire eginkizuna, alegia, koalizioa indartzea eta zabaltzea", esan du. Ildo horretan, zehaztu du aurki "berri onak" jasotzeko itxaropena duela.

Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido
Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido
Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido elkarrizketatu dute goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, non hitz hauekin laburtu duen Sumarren eta bere alderdiaren arteko koalizioa osatzeko aukera: "Nik Sumarri eskua luzatu diot, Landerri dagokio orain erabakitzea". "Batasunaren alde aritu naiz lanean, eta horretan jarraituko dut, hori baita nire eginkizuna, alegia, koalizioa indartzea eta zabaltzea", esan du. Ildo horretan, zehaztu du aurki "berri onak" jasotzeko itxaropena duela.

Euskadin gobernu aldaketa egon dadin, Elkarrekin Podemos alderdi "erabakigarria" izango dela iritzita, adierazi du "porrota" litzatekeela datorren urteko Legebiltzarreko hauteskundeetara nor bere aldetik aurkeztea. "Bozka garrantzitsuak izango dira. Ez dakit ziklo aldaketa ekarriko duten, baina horretarako lehenengo harria jarriko dugu, ziur nago", erantsi du.

Miren Gorrotxategiren hautagaitzari buruz galdetuta, nabarmendu du hautagai ona izan daitekeela, nahiz eta "inposaketak" ez dituen gustuko. Hau da, adostasunik ezean, alderdiaren oinarriek erabaki beharko dutela aurreratu du.

Gaurko elkarrizketan, bestalde, Elkarrekin Podemoseko koordinatzaileak onartu du urtea lasai bukatu nahiko lukeela, eta horretarako beharrezkotzat jo du Gabonak aurretik koalizioa egongo den ala ez jakitea, eta lehendakarigaia erabakita izatea.

"Aldaketa politikoa nahi dugu. Beste politika mota batzuk egiteko aliantza berriak behar dira. Konplexurik eta aurreiritzirik gabeko indar politiko bakarra gara, eta guztiei luzatuko diegu eskua. Gainerako alderdi ezkertiar edo progresistekin itunak ehuntzeko prest gaude", bukatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskundeak Euskadin 2024 Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Lander Martinez Hierro Sumar Mugimendua