Politika -

HEZKUNTZA LEGEA

Bildarratzek dio ez duela ulertzen EH Bildu "baiezkotik ezezkora pasatzea, ñabardura batengatik"

Hala ere, Hezkuntza saiburauren esanetan, "denbora" dago proiektuaren inguruan "ahalik eta akordiorik handiena" lortzeko.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua komunikabideen aurrean. Argazkia: EFE.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua komunikabideen aurrean
Bildarratz: ez da ulertzen ''baiezkotik ezetzera'' pasatzea Hezkuntza Legean ''ñabardurengatik''

0:52

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak uste du ez dagoela justifikatuta EH Bilduk Hezkuntza Legeari "ezetza" ematea "ñabardura" batengatik, baina "denbora" dagoela proiektuaren inguruan "ahalik eta akordiorik handiena" lortzeko.

Bilboko Euskalduna Jauregian Confebaskek antolatutako 'Empresa vasca/FP de Euskadi' ekitaldian egin ditu adierazpenok Bildarratzek. Bertan, EH Bilduk eta bere oinarriek Hezkuntza Legea gaitzesten dutela adierazi du.

EH Bilduren oinarriek Mahai Politikoak Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, adostutako Hezkuntza Legearen proposamenaren aurka bozkatzeko egindako proposamena berretsi zuten atzo, asteartea, botoen % 96 jasota.

Sailburuaren esanetan, abenduaren 21era arte, legea onartzeko aurreikusita dagoen egunera arte, "denbora" dago "ahalik eta akordiorik handiena" lortzeko "hain garrantzitsua den lege-proiektu horren inguruan".

Mezu hori helarazi nahi dio hezkuntza komunitateari, eta gogorarazi du "denbora luzez" aritu direla lanean eta negoziatzen, eta bereizten dituena "ñabardurak" direla.

Hori dela eta, esan du ez duela ulertzen "hiru urte hauetan baiezkoan egon direnak, une honetan ezezkora pasatzea". Azpimarratu duenez, ezberdintasuna "ñabardura" bat da 101 artikuluko lege baten zioen azalpen baten atariko esaldi batean.

Bildarratzek nabarmendu du artikulu guztietan "erabat ados" daudela eta, beraz, ez dela "justifikatzen" EH Bildu "baiezkotik ezezkora pasatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024