Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ortuzar: "Ez dugu erabaki Urkullu bazter uztea, ondorengotza kontu bat da"

EBBko presidenteak adierazi duenez, "agenda politiko eta soziekonomikoa beteta dator", alegia, "hiru legealdi iraungo duten prozesuak daude abian". Horregatik, Ortuzarren esanetan, EAJk beharrezkotzat jo du belaunaldi berriei lekua egitea, eta 12 urtez agintean egon daitekeen norbait hautatzea.

EBBren presidente Andoni Ortuzar. Argazkia: EITB Media
EBBren presidente Andoni Ortuzar
EBBren presidente Andoni Ortuzar. Argazkia: EITB Media

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBBko presidente Andoni Ortuzar elkarrizketatu dute gaur, asteazkenarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan esan du ez dutela Urkullu bazter utzi, hots, Pradalesen aukeraketa "ondorengotza kontu bat" izan dela. "Agenda politiko eta soziekonomikoa beteta dator", hau da, "gutxienez, hiru legealdi iraungo duten prozesuak daude abian". Horregatik, Ortuzarren esanetan, EAJk beharrezkotzat jo du belaunaldi berriei lekua egitea, eta 12 urtez agintean egon daitekeen norbait hautatzea.

Imanol Pradalesen fidagarritasuna goratuta, haren hautagaitzaren filtrazioaz adierazi du albistea ez zuela EAJko inork ezkutuan eman. "Gure asmoa zen astelehenean hastea prozesua, baina ez genuen lehendakarigaia iragartzeko intentziorik, gauzak genituelako egiteko", ziurtatu du.

Pradales alderdia indarberrituko duen pertsona izango ote den galdetuta, EBBko buruak erantzun du haren aldeko apustua egin zutela erretratu robot bat irudikatu ostean. "Agintean bi-hiru legegintzaldi iraun zezakeen norbait behar genuen, aurretik ditugun erronkan kontuan hartuta. Norbait gazteagoa nahi genuen, baina, aldi berean, esperientziaduna. Halaber, nazioarte mailan erraz molda daitekeen alderdikide eleaniztun baten bila aritu ginen, eta, azkenik, politika instituzionala eta alderdia bera ongi ezagutzen zuen hautagai bat gura genuen", azaldu du.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik astelehenean egindako iragarpena ahotan, azpimarratu du EAJren erabakiaren lehen ondorioetako bat izan dela "Otegi kartelburu ez izatea". Ortuzarren iritziz, koalizio abertzalearen egutegia beste modu batean zegoen egituratuta, baina Pradalesena jakin ondoren, "erabaki hori hartu dute".

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarentzat ere gorde ditu berba batzuk. "EAJren eredua ahulduta dagoela dio, baina ahal duen guztietan gugana gerturatzen da. Badirudi gainbeheran dagoen alderdi batekin batu direla. Ziur nago Enekok gustura hartuko lukeela bere alderdiarentzat EAJren egungo agertokia", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Urkullu azken albisteak Andoni Ortuzar EAEko hauteskundeak 2024 Zenbat hautagai aurkeztu dira? Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales gaur