Politika -

HAUTESKUNDEAK

PSE-EErekin "gobernu sendoa" errepikatzea espero du Ortuzarrek

EAJren EBBko presidenteak azaldu duenez, Imanol Pradales lehendakarigai gisa proposatzeko erabakia aho batez hartu zuen zuzendaritzak, "epe ertain luzera begira" eta bizpahiru legegintzaldirako.

Andoni Ortuzar, Imanol Pradales eta Iñigo Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE
Andoni Ortuzar, Imanol Pradales eta Iñigo Urkullu
Andoni Ortuzar, Imanol Pradales eta Iñigo Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak uste du datozen hilabeteetan "urruntze" bat egongo dela bere alderdiaren eta PSE-EEren artean, baina espero du harremanak normalizatzea, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren jeltzaleen eta sozialisten arteko "gobernu sendoa" errepikatzea.

Deia egunkarian gaur argitaratutako elkarrizketan Ortuzarrek azaldu duenez, Imanol Pradales lehendakarigai gisa proposatzeko erabakia aho batez hartu zuen EAJren zuzendaritzak, "epe ertain luzera begira" eta bizpahiru legegintzaldirako

Ortuzarren arabera, Euskadi Buru Batzarrak jakinarazi zion erabakia Iñigo Urkulluri eta lehendakariak "normaltasun osoz" hartu zuen. "Aldaketa normala da. Ezohikoa izango litzateke laugarren agintaldia egitea. Ez da inoiz egin, Ardanza lehendakariaren agintaldiaren zati batean salbu, eta orduan zatiketatik gentozen. Alderdiaren politikan ohikoa den zerbait egin dugu. Oso presidente gutxik egin dute laugarren legealdia", gaineratu du.

EBBko presidente gisa jarraituko ote duen galdetuta, Ortuzarrek erantzun du ez dagokiola berari erabakitzea, eta lehendakarigaia proposatzea zuzendaritzari badagokio ere barne karguen kasuan ez dela horrela. "Ezin gara aurkeztu, eta ezin dugu esan zer nahi dugun, barne karguak nahitaezkoak baitira. Prozesua hasi arte itxaron beharko da. Ni hementxe egongo naiz, esaten didatenerako", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Urkullu albisteak Andoni Ortuzar bideoak Hauteskundeak Euskadin 2024 Zenbat hautagai aurkeztu dira? Albisteak Gaur Albisteak Hauteskundeak Azken ordukoa Imanol Pradales