Politika -
Memoria historikoa
Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren beste hiru biktima identifikatu dituzte
Identifikatuak Felix Rodriguez Arana (Tolosan jaioa, baina pasaitarra), Quintana de la Serenako (Badajoz) Francisco de la Cruz Orellana eta Hipolito Berasategi Alcalde (Burgoseko Briviesca herrian jaioa) dira.
EITB Media
Gerra Zibilaren eta ondoren frankistek burutu zuten errepresioaren hiru biktima identifikatu dituzte. Euskadiko hainbat lekutan lurperatu zituzten. Identifikazioaren berri eman zaie senideei.
Gogora Memoriaren Institutuak jakinarazi duenez, 'Gipuzkoa' eta 'Karl Liebknecht' gudarosteetan borrokatu zuen UGTko kide zen Felix Rodriguez Arana milizianoa (Tolosan jaioa, baina Pasaiako bizilaguna) identifikatu egin dute, 2022an Begoñako hilerriko hobi komun batean agertu ondoren, beste 43 gudari eta milizianorekin batera.
Bigarren identifikatua Quintana de la Serenako (Badajoz) bizilaguna zen Francisco de la Cruz Orellana, nekazaria, ezkondua eta bi seme-alabaren aita. Extremaduran piztutako errepresio frankista basatiaren ondorioz hil zen, eta Urduñan (Bizkaia) espetxeratu zuten. Haren gorpuzkiak herri horretako hilerrian aurkitu zituzten. Gogora Institutuak zehaztu duenez, hilerri horretan identifikatutako bederatzigarren hildakoa da.
Azkena Hipolito Berasategi Alcalde da. Briviescan (Burgos) jaio zen, baina Donostian bizi zen. Atxilotu eta Ondarretako (Donostia) espetxera eraman zuten. 1936ko azaroan erail zuten.
Gogora Institutuak zehaztu duenez, gizon horren kasua "garrantzi handikoa da", Ondarretako espetxetik igaro ondoren desagertutako pertsona baten lehen identifikazioa baita. 1936ko azaroaren hasieran fusilatu zutenetik, gorpua non zegoen ez zekitela azaldu du Gogorak.
Gogora Institutua lanean ari da 2014an eta 2022an egindako indusketetan Urduñako hilerritik atera zituzten 70 pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko. Horretarako, kartzelan hildakoen 65 familiarekin harremanetan dago, DNA laginak hartu eta alderatzeko.
Datorren abenduaren 2an, Gogora Institutuak Bernardo Rodriguez Rinconen gorpuzkiak entregatuko ditu. Ekitaldia Legorretako hilerrian izango da, eta ondoren, familiak gorpuzkiei lur emango die modu pribatuan.