Politika -

Hauteskundeak

Otegi: "Ez naiz EH Bilduren lehendakarigai izango ziklo politiko berri baten aurrean gaudelako"

Dena den, koordinatzaile nagusi izaten jarraitzeko asmoa erakutsi du. Erabakia arrazoitzeko eman dituen argudioen artean, batean egin du azpimarra: Belaunaldi berriei eman behar zaiela lekukoa.

EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi
EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi
Arnaldo Otegik iragarri du ez dela EH Bilduren lehendakarigaia izango

1:12

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik iragarri du ez dela lehendakarigai izango datorren urtean Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren hauteskundeetan, "ziklo politiko baten aldaketa bizitzen ari garelako". Dena den, koordinatzaile nagusi izaten jarraitzeko asmoa erakutsi du. "Nire tokia ez dago Legebiltzarrean", adierazi du.

Erabakia arrazoitzeko eman dituen argudioen artean, batean egin du azpimarra: "Belaunaldi berriak atxikitu egiten dira gure proiektu herritar eta nazionalera. Hego Euskal Herrian belaunaldi berri bat badatorrela atzetik, eta horrek sekulako bermea ematen digu. Teknikoki gurea baino prestatuagoa den belaunaldi batez hizketan ari gara. Nik eskatu diet ibilbide profesionalak utz dezatela, eta atxiki daitezela proiektu profesional honetara".

"Nire ibilbide militante osoan herri honen interesak eta askatasun nazionala pertsona bakoitzaren gainetik daudela erakutsi dut. Horrela egin dut orain arte, horrela egingo dut orain. Ez naiz aurkeztuko EAEko hautagai izateko. Hori da hartu dudan erabakia eta Mahai Politikoarekin partekatu dudan erabakia", azpimarratu du.

Horri erantsi dio lehen indar munizipalista direla Hego Euskal Herrian, "ziklo politiko berri baten aurrean". "Azken asteetako mobilizazioek frogatu dute baloreak direla herri honek defendatzen dituenak. Horren esan nahi du hegemonia kultural horretan aldaketak ematen ari direla. Eta horrek ziur aski zerikusia dauka emaitza elektoraletan", esan du.

Mahai Politikoarekin bildu ostean agerraldia egin du EH Bilduk Donostian duen egoitzan, besteak beste, datorren legealdiari begira argitu beharrekoak argitze aldera.

Gaurko bileran, koalizio abertzalearen zuzendaritzak egungo egoera politikoaren eta Legebiltzarreko 2024ko hauteskundeen gaineko hausnarketa egin du, eta Otegik ziurtatu du ez duela bere burua lehendakari izateko aurkeztuko. "Aspaldi" hartutako erabakia dela ere esan du, Mahai Politikoak begi onez jo duela erantsita: "Nire lekua ez dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrean", nabarmendu du.

EAJk, bestalde, orain dela bi egun iragarri zuen Imanol Pradales izango dela jeltzaleen lehendakarigai, alderdia berritzeko egiten ari diren apostuari jarraikiz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak