Politika -
Diputatuen Kongresua
Amnistia legeak bidea hasi du Kongresuan, eztabaida saioan onartu ostean
PSOEko eta Sumarreko diputatuen baiezko botoei esker atera da aurrera. PPk kontra bozkatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kongresuko Mahaiak argi berdea eman dio Amnistiaren Lege Organikoaren tramitazioari. PSOEk erregistratu zuen lege proposamena, ERC eta Junts alderdiekin ituna egin ostean. Sozialisten eta Sumarren aldeko botoei esker hasi du aurrerabidea lege egitasmoak; PPk, aldiz, kontra bozkatu du.
Behe Ganberako letratuen txosten juridikoaren ondotik iritsi da erabakia. Testu horretan, abokatuek adierazi dute lege proposamenak ez duela Konstituzioarekin "ageriko kontraesanik", nahiz eta onartzen duten badirela Konstituzioaren aurkako zalantzazko zenbait puntu. Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi dituzte, baina, unean-unean sor daitezken zalantza horiek.
Hala, lege proposamena onartzeaz gain, PSOEk eta inbestidurako kideek galdegin bezala, legea presazko prozeduraz tramitatzea adostu dute.
Horrekin, epe parlamentario guztiak erdira murriztuko dira, eta arindu egingo da osoko zuzenketen zein zuzenketa partzialen tramitazioa. Halaber, bizkortu egingo da horien gaineko eztabaida.
Hain zuzen ere, sozialisten asmoa da abenduan bertan onartzea legea Kongresuan, jarraian Senatura bidaltzeko. Han, PPk gehiengo osoa du, eta popularrek asmo dute tramitazioa ahal bezainbeste luzatzea —bi hilabete gehienez, horixe zehazten baitu Konstituzioak—.