Politika -

Amnistia

Espainiarekin amnistia legea "ahal bezain laster" aztertze aldera bilera egiteko prest agertu da Brusela

Didier Reynders Europako Justizia komisarioak baieztatu duenez, atzo jaso zuten testua. Behin hura aztertuta, Bolaños ministroarekin bilduko dira. Halaber, argi utzi nahi izan du duela astebete informazioa eskatu zuenean ez zegoela "kezkatuta".

Reynders, Bolaños ministroarekin egindako aurreko bilera batean. EITB Media
Reynders, Bolaños ministroarekin egindako aurreko bilera batean.
Reynders, Bolaños ministroarekin egindako aurreko bilera batean. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak prestatutako amnistia legearen testua heldu da Bruselara, eta, hala, horren inguruan mintzatzeko prest azaldu da Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioa. Bilera "ahal bezain laster" egingo dutela nabarmendu du, baina ez dio datarik jarri. Izan ere, atzo jaso zuten lege proposamenaren idatzia, eta horren azterketa juridikoa egiten hasi dira. 

Kontseiluaren gai orokorretarako bilerara heltzean, kazetariei erantzun die Belgikako komisarioak. Azaldu duenez, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak eskatuko bilera "testua juridikoki oso ondo aztertu" ostean egingo dute. 

Bestalde, joan den astean Espainiako Gobernuari informazioa eskatu ziola eta, argi utzi nahi izan du ez zela "kezkatuta" agertu. "Ez dut inongo kezkarik adierazi, testua jasotzea baino ez dut eskatu. Aztertu ondoren, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko ditugu", azaldu du.

Reyndersi ez ezik, Espainiako Gobernuak Vera Jourova Zuzenbide Estatuko presidenteorde komunitarioari ere bidali dio legearen testua. Biei bilera eskatu zien Bolañosek, amnistia legearen inguruan zer ikuspuntu duten azaltzeko. 

Bilera horren aurretik, amnistia legearen inguruko iritzia plazaratzeko aukera izango du Europako gobernuak. Izan ere, astearte edo asteazkenerako (oraindik ez dute eguna zehaztu) eztabaida dago aurreikusita Europako Parlamentuan.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Azken ordukoa Espainia Amnistia