Politika -
Amnistia legea
PSOEk bakarrik aurkeztu du amnistiaren legea, inbestidurako bazkideen sinadurarik gabe
Sozialistek lege-proposamena premiazko prozeduraz izapidetzea eskatu dute, hau da, epeak erdira murriztea, eta horrek onartutako testua hilabete baino lehen Senatura igortzea ahalbidetu lezake. Lege-proposamenak ez dio inolako aipamenik egiten 'lawfare'ari.
EITB Media
Kataluniako independentismoa amnistiatzeko lege-proposamenak 11 urte hartzen ditu, 2012ko urtarrilaren 1etik (2014ko azaroaren 9ko kontsulta, 2017ko urriaren 1eko legez kanpoko erreferenduma eta 2019ko epaiaren osteko istiluak barne) 2023ko azaroaren 13ra arte.
PSOEk ekimena bakarka erregistratu du arratsaldean Kongresuan. Sozialistek ez ezik, Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ eta BNGk ere sinatu behar zuten ekimena, baina talde horien guztien oniritzia lortzeak azken ordura arte atzeratu du testuaren aurkezpena.
Parlamentuko iturriek baieztatu dutenez, erregistratutako testuen aurkibidean legearen izenburua Talde Sozialistak aurkeztutakoa da, beste alderdi batzuk aipatu gabe. Izan ere, inbestidurako bazkide batzuek azaldu dute ez dutela ekimena sinatu oraindik testua aztertzen ari direlako.
EAJ "orokorrean" ados dago testuarekin, baina ez du lege-proposamena sinatu "alde negoziatzaileek eskatu ez dutelako", iturri jeltzaleen arabera.
Sozialistek lege-proposamena premiazko prozeduraz izapidetzea eskatu dute, hau da, epeak erdira murriztea, eta horrek onartutako testua hilabete baino lehen Senatura igortzea ahalbidetu lezake.
Diputatuen Kongresuan aurkeztu den testuak honako delitu hauen amnistia proposatzen du: funtzio publikoak usurpatzea, bidegabe erabiltzea, desobedientzia, desordena publikoak eta prebarikazioa, Parlamentuko iturriek adierazi dutenez.
Ildo horretan, testuak "Kataluniaren sezesioa edo independentzia aldarrikatzeko, sustatzeko edo saiatzeko asmoz egindako ekintzak eta helburu horiek lortzen lagundu zutenak" salbuestea planteatzen du.
Hala, amnistiatuta geratuko dira "erantzukizun penal, administratibo edo kontablea" dakarten egintzak, Katalunian egindako kontsulten esparruan gauzatutakoak, "prestaketari edo ondorioei dagokienez, betiere 2012ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra bitartean egin badira".
Testuan adierazten da, halaber, epaileek amnistia lehentasunez eta premiaz aplikatu beharko dutela, eta erabakiak gehienez ere bi hilabeteko epean hartu beharko direla; nolanahi ere, aurkezten diren errekurtsoek ez dute etete-ondorenik izango.
Legea betetzea ez da nahikoa "gatazka konpontzeko"
Amnistiari buruzko lege-proposamenaren arabera, legearen aplikazioa "beharrezkoa" da, baina "batzuetan ez da nahikoa denboran iraun duen gatazka politiko bat konpontzeko". Hori dela eta, Zuzenbidea testuinguru politikora egokitzea defendatzen du.
Terrorismo-delituak eta torturak
Legeak barkamena baztertzen du terrorismo-delituetarako, baldin eta kondena irmoa badago eta 2017ko martxoaren 15eko Europako zuzentarauan aurreikusitako jokabideren bat badakarte (atentatu hilgarriak, lehergailuak edukitzea eta fabrikatzea, bai eta torturak ere).
Hamarkada bateko delituak ezabatzen ditu
Amnistiari buruzko legeak esan nahi du Kataluniako prozesu subiranistaren prestakuntzarekin, betearazpenarekin eta ondorioekin lotutako pertsona guztien "erantzukizun penal, administratibo eta kontablea" baliogabetu behar dela hamarkada batez, 2012ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra bitartean.
Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont ERC eta Junts alderdietako buruzagiei eta buruzagi independentista nagusiei (kontseilariak eta diputatuak). Era berean, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zuten ikastetxeetako zuzendariei, alkateei, manifestariei eta polizia-agenteei ere aplikatzen zaie.
Puigdemont eta Rovira atxilotzeko agindua
Carles Puigdemont presidente ohiari erreferentzia zuzena egiten dio, "bilatzeko, atxilotzeko eta espetxeratzeko aginduak indarrik gabe geratuko dira", baita "atxilotzeko agindu nazionalak, europarrak eta nazioartekoak" ere, ihes egindako beste hiru buruzagiri ere eragiten diotenak.
Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiak eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia dira horiek. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak emandako atxilotzeko agindu nazionala zuten guztiek.
'Lawfare'aren aipamenik ez
Azkenik, lege-proposamenak ez dio inolako aipamenik egiten 'lawfare' edo auzitegien jazarpen politikoari, eta ez ditu aipatzen Diputatuen Kongresuan epai judizialei buruz martxan dauden ikerketa-batzordeak. Testuak ez ditu aintzat hartzen PSOEren eta Juntsen arteko akordioan jasotako bi alde horiek, azken egunetan esparru judizialaren kritikak eragin dutenak.
Irakurri ezazu hemen amnistia legearen testu osoa.