Politika -

Diputatuen kongresua

Sanchezen inbestidura saioa asteazkenean eta ostegunean egingo dute, Armengolek iragarri duenez

Denon ahotan zeuden datak berretsi ditu Kongresuko presidenteak. Dena ondo bidean, buruzagi sozialista lehen saioan aukeratuko dute berriro presidente, 179 botorekin.

Sanchez, Kongresuan, artxiboko argazki batean. EFE
Sanchez, Kongresuan, artxiboko argazki batean.
Inbestidura saioa asteazkenean eta ostegunean izango da, Kongresuko presidenteak iragarri duenez

1:05

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko buruzagiaren inbestidura saioak badu data: asteon izango da, hilaren 15ean eta 16an (asteazkena eta osteguna), Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidenteak gaur jakinarazi duenez. 

Bolo-bolo zebilen data ofizialki baieztatu du, beraz, Armengolek, eta, hala, osoko bilkura deituta dago. Sanchezek joan den astean lotu zituen berriro Espainiako presidente izateko behar zituen babesak, eta honakoen aldeko botoak jasoko ditu: Sumar (31), ERC (7), Junts (7), EH Bildu (6), EAJ (5), BNG (1) eta Coalicion Canaria (1).

Bozeramaileen Batzordea bihar, asteartearekin, bilduko da (12:00etan) bi osoko bilkurak antolatzeko. Kongresuko araudiaren arabera, Mahaiko idazkarietako batek hautagaia nor den iragarrita abiatuko da inbestidura saioaren lehen eguna (asteazkena). Hautagaiak osatu asmo duen gobernuaren proiektu politikoa azalduko du, eta konfiantza eskatuko dio ganberari; ez du horretarako denbora mugarik izango. Hitzaldia amaitu eta Kongresuko presidenteak ezarritako atsedenaldia bukatuta, taldeetako ordezkariek hartuko dute hitza (handienetik txikienerako hurrenkeran), 30 minutuko tarteetan. Sanchezek nahi beste alditan hartuko du hitza, talde parlamentarioko kideei bakarka edo taldeka erantzuteko (eurek 10 minutu gehiago izango dituzte ihardesteko). 

Lehen bozketa Armengolek ezarritako orduan egingo dute. Gaurko agerraldian, bozketaren ordua zein izan litekeen galdetu diote Kongresuko presidenteari, eta horrek erantzun du zaila dela zehaztea, Sanchezek ez baitu mugarik izango hitza hartzen duenero. Dena dela, Feijooren inbestiduran gertatutakoari erreparatuta, azaldu du ostegun eguerdian izan litekeela. 

Orduan aukeratuko dute, ezusterik ezean, Sanchez presidente. Izan ere, 179 boto jasota, ganberaren konfiantza duela erakutsiko dute. Inbestidura saioa amaitu ondoren, Armengolek erregeari jakinaraziko dio bozketaren emaitza, eta Sanchez izendatuko dute Espainiako Gobernuko presidente. Araudiak bigarren bozketa bat (gehiengo soila behar da) ere badu aurreikusita, baina, oraingoan, ez da horren beharrik izango. 

Sanchezek ganberaren konfiantza lortuko ez balu, saiakera gehiago egiteko aukera ematen du araudiak, baina, betiere, azaroaren 27ko data baino lehen egin beharko lirateke; izan ere, Alberto Nuñez Feijoo hautagaiaren lehen bozketa izan zenetik, bi hilabeteko epea dago ezarrita. Ezein hautagaik babes nahikoa lortuko ez balu, ganberak desegin eta hauteskunde orokorrak egingo lirateke 2024ko urtarrilaren 14an.

Eskuinaren protestak

Kalean tentsio handiko egunak dira honakoak, eta giro horretan helduko da inbestidura saioa. Bart, 10. gauez jarraian, istiluak izan ziren Madrilen, PSOEren egoitzaren aurrean, amnistiaren kontrako protestetan. 

Kazetarien galderei erantzunez, Armengolek adierazi du manifestazioen alde dagoela, herritarrek euren iritziak, "direnak direla", plazaratzeko eremua direlako. Dena dela, "bizikidetzaren, elkarrizketaren eta adostasunaren" aldeko deia egin du, "batu barik, zatitzen gaituzten adierazpen batzuk entzun eta gero". Bestalde, azken egunotan izandako "eraso, indarkeria eta ordena publikoaren kontrako ekintza oro" irmoki gaitzetsi ditu. 

Kongresuko Mahaian amnistia legea gaur erregistratu behar duela-eta, "beste edozein legeren moduan" izapidetuko dutela esatera mugatu da Ganberako presidentea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak