Politika -
IRLANDATIK
Azaroaren 18an "Euskal Herria memoria duen nazio solidario antifaxista" dela erakusteko deia egin du Otegik
EH Bilduko koordinatzaileak Sinn Feinen konferentzia politikoan parte hartu du asteburuan Irlandan. Handik egindako hitzaldian, "Nazioa Gara" lelopean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ezker independentistak azaroaren 18an Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du gaur Irlandatik Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, "Euskal Herria memoria duen nazio solidario antifaxista" dela erakusteko.
Sinn Feinen konferentzia politikoan parte hartu dute asteburu honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Gorka Elejabarrieta Nazioarteko harremanetarako zuzendari eta Senatuko bozeramaileak.
"Irlandako errepublikarren eta ezkerreko euskal independentisten arteko lotura eta harreman historikoak sendotzen jarraitzeko eta bidea elkarrekin egiteko konpromisoa" hartu du Otegik ehunka militanteren aurrean eginiko hitzartzean.
Besteak beste, Gerry Adams, Sinn Feineko presidente Mary Lou McDonald eta presidenteorde Michelle O'Neillekin bildu dira Irlandaren eta Euskal Herriaren etorkizuneko erronken inguruan hitz egiteko, "hamarkadetako elkarlana indartzeko eta estrategia bateratuak adosteko". Hausnarketa politikoak partekatzeaz gain, "topaketa aberasgarriak" izan direla nabarmendu dute, are gehiago Sinn Feinek uhartearen iparraldean zein hegoaldean goberna dezakeen une historiko honetan.
ERCko presidente Oriol Junquerasekin batera parte hartu dute Otegik eta Elejabarrietak Sinn Feinen Ard Fheisen. Bertatik, 'Nazioa Gara' lelopean ezker subiranistak azaroaren 18an Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute Otegik eta Junquerasek, "memoria duen nazio solidario antifaxista garela" aldarrikatzeko.
"Atzera eraman nahi gaituztenek, gure eskubidek murriztu nahi dituztenek eta zuri-beltzean nahi gaituztenek manifestazioa egingo dute Madrilen", esan du EH Bilduko koordinatzaileak, baina "antifaxistek Bilboko kaleak beteko ditugu etorkizuna badagoela aldarrikatzeko eta jendearentzat kolorez eta pozez betetako bizitza nahi dugula adierazteko".