Politika -
INBESTIDURA
Pedro Sanchezek "zentzuz eta neurriz" jokatzeko eskatu dio PPri, eta "hautetsontzien emaitza onartzeko"
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du "espainiar guztientzat" gobernatuko duela beste lau urtez.
agentziak | eitb media
Amnistiaren aurkako protesten harira, Pedro Sanchez PSOEren buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak "zentzuz eta neurriz" jokatzeko eskatu dio PPri, eta "hautetsontzien emaitza onartzeko".
Europako Alderdi Sozialistaren Kongresuko itxiera ekitaldian, Malagan, adierazi duenez, bere gobernuak 350 diputatuetako 179ren babesa izango du, eta guztiak dira "herritarren nahiaren ordezkari zilegiak".
Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen arabera, uztaileko hauteskundeetan herritarrek "esan zuten Espainian gobernatzeko aniztasun politikoa eta lurraldetasun aniztasuna aitortu beharra dagoela". Hitzeman duenez, "espainiar guztientzat" gobernatuko du beste lau urtez, eta gehiengoaren aldeko onura sozialak, bizikidetza eta egonkortasuna bermatuko ditu.
Hala, "eskuin muturrarekin soilik adostu dezakeen PPk ez bezala, PSOE izan da alderdi guztiekin akordioak egiteko gai izan dena, Voxekin izan ezik", gaineratu du.
Egunotan, "diktadura frankista lazgarrienaren eskuin muturreko jarraitzaile nostalgikoak ustez gaindituta genuen iragan ilunaren ikurrak eta aldarrikapenak erakusten ari dira", eta hori guztia egiteko eskuin muturrak "parasitatutako" eskuin tradizionalaren "konplizitatea" duela gaineratu du.
"Iparra galdu duen eskuina, gainez egin duena, eskuin atzerakoienari aurre egiteko gai ez dena" kritikatu du Sanchezek.
Hain zuzen ere, 150 pertsona inguru bildu dira Kongresua egiten ari diren eremutik gertu, Sanchezen aurkako aldarrikapenak egiteko, baina ez da istilurik izan.