Politika -
PSOE-EAJ AKORDIOA
PSOEk zehaztu du EAJrekin Gizarte Segurantzaren eskumena eskualdatzea ez dela espresuki jaso akordioan
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko jarduneko Ogasun ministroak esan du gaur izenpetutako akordioan eskualdatzeko dauden hainbat eskumen aipatzen direla, baina Gizarte Segurantzarena ez dagoela horien artean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa EAEra eskualdatuko dela iragarri eta ordu gutxi batzuetara, PSOEk gezurtatu egin du baieztapen hori, eta esan du gai hori ez dela Pedro Sanchezen inbestidurarako bi alderdiek sinatu duten akordioan jasotzen.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Maria Jesus Montero PSOEko idazkariorde nagusi eta Espainiako Gobernuko jarduneko Ogasun ministroak ukatu egin du alderdi jeltzalearekin sinatutako akordioak Gizarte Segurantzaren transferentzia jasotzen duela. "Goizean EAJrekin sinatu den akordioan ez da Gizarte Segurantzarekin lotutako eduki bereizirik jaso", esan du.
"Are gehiago, gai hori EAJrekin egindako akordio klasikoetan agertzen den hitz berberekin jaso da; [Espainiako] Gobernuak Gernikako Estatutua garatzeko konpromisoa hartu behar du, noski, administrazio guztiak behartzen dituen legea baita, eta horren barruan, badira oraindik eskuz aldatu ez diren eskumenak", gaineratu du.
Monteroren arabera, EAJrekin egindako akordioak berariaz aipatzen ditu transferitu gabe dauden "eskumen jakin batzuk", epe laburragoan eman daitezkeenak, baina adierazi duenez, "horien artean ez dago Gizarte Segurantzarena", eta, beraz, horri buruz "ez dago ezer berririk", erantsi du.
Bestalde, jarduneko ministroak ukatu egin du Juntsekin sinatutako itunak zerga guztiak Kataluniari lagatzea aurreikusten duela. "Halakorik ez da inoiz planteatu", gaineratu du.
Monterok nabarmendu duenez, ostiral honetan EAJrekin eta Coalicion Canariarekin sinatutako akordioen ostean, lehendik EH Bildu, ERC, Junts eta BNG alderdien babesei gehitu zaizkienak, "Pedro Sanchez presidentearen legegintzaldia bermatuta dago, 179 diputatuk Espainiak gobernu aurrerakoia izatea aukeratuko dutelako".