Politika -

INBESTIDURA

PSOEk eta Juntsek akordioa itxi dute, "aro berria" hasi eta Kataluniako "gatazka historikoa" konpontzeko

Bi aldeen arteko akordioak amnistia legea ere jasotzen du, eta, idatziaren arabera, 2014ko kontsultaren eta 2017ko erreferendumaren aurretik eta ondoren abiatutako auzi judizialetan nahastutako arduradunak eta herritarrak babestuko ditu horrek.

Juntsen eta PSOEren arteko urriaren 30eko bilera. Argazkia: Junts
Juntsen eta PSOEren arteko urriaren 30eko bilera
Santos Cerdan: ''Gaur goizean sinatu duguna bi alderdien arteko akordio politikoa da''

1:14

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen inbestidurari begira PSOEk eta Juntsek lorturiko akordioak bere baitan jasotzen ditu, besteak beste, amnistia legea onartzea eta nazioarteko mekanismo bat sortzea irekitako negoziazio prozesua jarraitzeko eta lorturiko akordioak egiaztatzeko. Amnistia legeak lawfarea, Kataluniako prozesuaren judizializazioari lotutako zenbait auzi, ere bere baitan hartuko ditu.

PSOEko Antolamendu idazkari eta sozialisten aldetik negoziazioen buru izan den Santos Cerdanek eta Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak sinatu dute gaur goizean akordioa Bruselan.

Hedabideetara zabaldutako testuaren arabera, PSOEk eta Juntsek akordioa itxi dute "aro berri bat" irekitzeko, Kataluniako "gatazka historikoa" konpontzen laguntzeko, horretarako dinamika bat garatzeko eta datorren legegintzaldian gobernagarritasuna bermatzen ahalegintzeko.

Amnistia legea izan da adostasuna lortzeko oztopo nagusia, bi alderdiek akordioan nabarmendu dutenez, puntu "ezinbestekoa" normaltasun "politiko, instituzionala eta soziala" eskuratzeko eta "etorkizun hurbileko erronkei heltzeko". Amnistia legeak bere baitan hartuko ditu Kataluniako 2014ko kontsultaren eta 2017ko erreferendumaren aurretik eta ondoren abiatutako auzi judizialetan nahastutako arduradunak eta herritarrak.

Akordioaren arabera, amnistia legeak Juntsek aldarrikatu izan duen lawfarea, Kataluniako prozesuaren judizializazioari lotutako zenbait auzi, ere bere baitan hartuko ditu. Era berean, hurrengo legegintzaldian ikerketa batzordeak sortuko dira eta lawfare delakoa kontuan hartuko da legea aplikatzerakoan, horrek eragin ditzakeen ondorioekin.

Hain zuzen ere, Juntsen eskakizunetako bat izan da amnistia legea zabaltzea Kataluniako prozesuaren judizializazioari lotutako zenbait auzitara. Horrek mesede egingo lieke Laura Borras Juntseko presidenteari edota Jose Luis Alay Carles Puigdemonten bulegoko buruari, besteak beste.

Akordioak akordio, alde bakoitzak bereari eusten dio. Juntsek Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko autodeterminazio erreferenduma egitea proposatuko du, Espainiako Konstitutzioaren 92. artikulua aintzat hartuta. PSOEk, ordea, 2006ko Kataluniako Estatutuaren "garapen zabala" defendatuko du.

Halaber, Juntsen ustez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren emaitza eta agindua "zilegi" da eta PSOEk, aldiz, aldebakarreko bidea errefusatu du. Dena dela, PSOEk eta Juntsek argi utzi nahi izan dutela posible dela akordio garrantzitsuak lortzea "bakoitzaren jarrerari uko egin gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika PSOE Brusela Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya Espainiako Amnistia Legea