Politika -
Gaza erasopean
Alderdiek eta erakundeek atsekabea agertu dute Illarramendiren hilketagatik, eta erasoak eteteko eskatu dute
Zarauzko Udalak "irmo" gaitzetsi du hilketa, eta elkarretaratze isila deitu du ostegun eguerdirako, 12:00etan.
EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "irmo" gaitzetsi du Ivan Illarramendiren eta haren emazte Loren Garcovichen heriotza, Hamaseko milizianoek hil baitzituzten urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoan, eta nazioarteko agintariei neurriak hartzeko eskatu die Hamasen eta Israelgo Armadaren artean piztutako indarkeriarekin amaitzeko.
Eusko Legebiltzarrera iritsi denean, Zupiriak doluminak eman dizkie Ivan Illarramendiren eta Loren Garcovichen familiari eta hurbilekoei. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak euren familiek bizi izan duten "mina" eta "ziurgabetasuna" deitoratu ditu.
EAJk ere "gogor" gaitzetsi du hilketa, eta "irmotasun osoz" arbuiatu du Israelek Gazan egindako eraso militarra.
Jeltzaleek doluminik "zintzoenak" helarazi dizkiete une "tragiko eta mingarri" honetan eraildako bikotearen senideei, eta bahitutako pertsonak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko eskatu dute.
Era berean, Israelek Gazan egindako eraso militarraren aurka agertu dira, "nazioarteko arauak hausten dituelako eta Gazako biztanleria zibila arriskuan jartzen duelako, baldintza ankerrak aplikatzeaz gain".
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "atsekabea" agertu du gipuzkoarraren "heriotza baieztatu delako". Illarramendiren senide eta lagunei "doluminak" eman dizkie Otegik X sare sozialean (lehen Twitter) zabaldutako mezu batean. "Su-eten baterako, elkarrizketarako eta negoziaziorako deia areagotzen dugu", azpimarratu du EH Bilduko buruzagiak.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak Illarramendiren heriotza deitoratu du. "Ivan Illarramendiren familiari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu, eta galera izugarri horrek eragindako minarekin bat egin", esan du.
Gainera, "Hamasen hilketa" gaitzetsi du. "Ideia bakar batek ere ez du bizitza bat balio, eta ezerk ez du justifikatzen Gazako Zerrendan, urriaren 7ko gertakarien ondoren, bizitzen ari diren indarkeria", gaineratu du Asensiok.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak hilketaren "gaitzespen irmoa" egin du. Sare sozialetan, De Andresek familiarekiko atxikimendua eta maitasuna erakutsi du, eta pertsonalki helarazi dizkio doluminak.
Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuak atsekabea agertu du gaur Ivan Illarramendiren heriotzagatik. X sareko bere kontuan, "nire maitasuna eta doluminak helarazi nahi dizkiet bere familiari eta lagunei", idatzi du Sanchezek, eta Hamasen erasoak gaitzetsi ditu berriro, eta "Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra lortzeko lan egiteko" eskatu du.
Zarautzek hilketa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu du ostegunerako
Azkenik, Zarauzko Udalak "irmo" gaitzetsi du hilketa, eta elkarretaratzea deitu du ostegun eguerdirako.
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du arratsaldean, "aita zarauztarra eta ama getariarra dituen herritarraren" hilketa "irmo" gaitzesteko adierazpen instituzionala onartzeko.
Udalak "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkio eraildakoen familiari, eta, era berean, "gatazka honetan sortutako indarkeria jasanezin guztia amaitzeko" neurriak hartzeko nahia agertu du.
Azkenik, Zarauzko Udalak elkarretaratze isila deitu du ostegunerako, 12:00etan, hilketa horiek gaitzesteko eta familiari elkartasuna adierazteko, eta herritar guztiei bertaratzeko gonbita egin die.