Politika -
senatua
Amnistia atzeratzeko asmoz, PPk osoko bilkurara eraman du gaur Senatuaren araudia erreformatzeko eztabaida
'Popularrek' Goi Ganberan duten gehiengo osoa baliatu dute izapideak azkartu eta erreforma Kongresuak balizko amnistia legea onartu baino lehen prest egoteko.
Agentziak | EITB Media
Senatuko osoko bilkurak gaur eztabaidatu eta bozkatuko du PPk Senatuaren araudia aldatzeko proposamena. PSOEk alderdi katalanekin itxi nahian dabilen amnistiaren legea atzeratzea du helburu erreformak.
PPk Goi Ganberan duen gehiengo osoa baliatu du izapidetzea azkartzeko. Hain justu, Javier Maroto Senatuko presidenteorde lehenak atzo iragarri zuen taldeek gaurko 12:00ak arte zutela erreforma horren inguruko proposamenak aurkezteko. Gaurko osoko bilkuraren azken partean eztabaidatuko dute PPren erreforma, eta popularrek ganberan duten gehiengoa kontuan hartuta, ziurra da aurrera aterako dena.
Alderdi Popularraren asmoa da araudi aldaketa Kongresuak balizko amnistia legea onartu baino lehen prest egotea, eta hala, prozesu guztia atzeratzea.
Gaurko osoko bilkuran onartu ostean, Araudiaren Batzordea bildu beharko da, zuzenketen epea zabaldu dezan. Ondoren, behin betiko onartuko dute osoko bilkuran.
Bilkurako eztabaida saihestu nahian, Senatuko Mahaiaren batzarra eskatu dute goizean PSOEk, ERCk, EH Bilduk, Juntsek, EAJk eta Sumarrek. Senatuaren araudian jasota dauden epeak ez betetzea egotzi diote PPri. Kontserbadoreek gehiengoa dute erakunde horretan ere, eta hortaz, litekeena da Mahaiak eskaera guztiak baztertzea.
Eva Granados PSOEk Senatuan duen bozeramaileak iragarri duenez, Auzitegi Konstituzionalera joko dute Senatuaren araudia erreformatzen bada.