Politika -

Inbestidura

Amnistiaren aurkako adierazpena onartu du Botere Judizialak, nahiz eta balizko legeareren edukia ez ezagutu

BJKNk "zuzenbide-estatua indargabetzeko neurritzat" jo du legea. Gainera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere iritzia emateko lege-proposamena ezagutu arte itxaron behar zuela zioten kritikei erantzun diete kideek.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bilera, gaur, Argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bilera, gaur, Argazkia: EFE
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bilera, gaur, Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN), agintaldia aspaldi agortuta duen erakundeak, amnistia legearen aurkako adierazpen instituzionala onartu du gaur, gehiengo kontserbadoreak hala erabakita, legearen eduki zehatza ezagutu aurretik ere. Hala, BJKNk "zuzenbide-estatua indargabetzeko neurritzat" jo du amnistia, "Konstituzioa bortxatzen" duelako eta Justizia "ameskeria" bihurtzen duelako.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, zortzi bokal kontserbadorek hala eskatuta Kontseiluak osoko bilkura berezi batean eztabaidatu duen proposamena aurrera atera da, ekimenaren bultzatzaileen botoekin, Wenceslao Olea bokalaren babesarekin, bost kide progresisten ezezkoarekin eta Vicente Guilarte presidentearen abstentzioarekin.

Iturri berdinen arabera, Guilartek bere boto zuriari buruzko azalpen bat idatziko duela jakinarazi die mahaikideei. Azalpen horretan, agerian utziko du ez dagoela ados legegintza-ekimenarekin, baina komenigarritzat jotzen duela lege-proposamena izapidetu arte itxarotea.

Cuesta ez da osoko bilkurara joan

Alvaro Cuesta BJKNko kide progresistak ez du osoko bilkuran parte hartu, amnistiaren inguruko adierazpen instituzionala "legez kanpokoa" dela uste baitu.

Ondorioz, bertaratutako kideen kopurua 15era murriztu denez, zortzi bokal kontserbadoreen botoak nahikoa ziren idatzia onartzeko.

Hasierako testua, aldatuta

Hala ere, kideek adierazpen instituzionalaren hasierako testua aldatu dute. Gorteek ez diote Kontseiluari lege-proposamen bati buruz iritzirik eskatu, oraindik haren edukia zehaztu ez delako, ez baita ekimena erregistratu.

Azken horri dagokionez, Kontseiluaren barruan eta kanpoan egindako kritikei erantzun diete erakundeko kideek. Askoren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak lege-proposamena ezagutu arte itxaron behar zuen bere iritzia emateko, baina BJKNko kideek "orain" egiteko "legitimitatea" dutela adierazi dute, amnistia ez denez lege-proiektu gisa aurkeztuko, Estatuko kontsulta-organoek ez dutelako iritzia ematerik izango.

"Ekimena bultzatzen duten alderdiek, jarduneko Gobernuari eusten dioten alderdi berberek, txosten horiek alde batera uztea ahalbidetzen duen tramite parlamentarioaren alde egin dute. Horregatik, zentzugabea da egin ezin den zerbait egin arte itxarotea eskatzea, nahita aukeratu delako hori eragozten duen bidea", dio adierazpen instituzionalak.

Erantsi dutenez, "Kontseilu honek ez ditu eztabaidatzen Gorteetan ordezkaritza duten talde parlamentarioek lege-proposamenak egiteko duten ahalmena; baina, era berean, ezin du onartu herritarren oinarrizko eskubideak eta Konstituzioak Botere Judizialari gordetzen dizkion ahalak hain nabarmenki murrizten dituen ekimenari ekitea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC Kataluniako Generalitatea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Junts per Catalunya