Mundua -
ISRAEL-HAMAS GERRA
Hiru bahituk euren askapena negoziatzeko eskatu diote Netanyahuri, Hamasek zabaldutako beste bideo batean
Israelgo Gobernuak baieztatu du bideoan agertzen diren hiru emakumeak Hamasek bahitutakoen artean daudela. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du "propaganda psikologiko krudela" dela zabaldutako bideoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren adar armatuak Gazako Zerrendan gatibu dituen israeldarren beste bideo bat zabaldu du gaur. Oraingoan, hiru emakume israeldar agertzen dira irudietan, eta horietako batek bakarrik hitz egiten du. Gogor mintzatzen da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka, urriaren 7an Hamasek egindako erasoen erantzule bakarra bera dela esanez.
77 segundo irauten dituen bideoan, hebreeraz, honakoa dio emakumeak: "Aska gaitzazu orain, aska itzazu euren herritarrak, euren presoak, eta utzi iezaguzu gure familiengana itzultzen". "Ustez, su-etena egon behar zuen. Askatuko gintuzula agindu zenigun", gehitu du.
Halaber, Hamasen erasoaren aurrean Gaza inguruko komunitateak ez babestea egozten dio Netanyahuri bahitutako emakumeak. "Gu hiltzea nahi duzu", esan dio. Hamasen erasoan 1.400 israeldar baino gehiago hil ziren, eta 239 pertsona inguru ditu gatibu talde islamiarrak.
Israelgo Gobernuak baieztatu du bideoan agertzen diren hiru emakumeak Hamasek bahitutakoen artean daudela. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du "propaganda psikologiko krudela" dela zabaldutako bideoa.
Zabaldutako ohar batean, "besarkada" bat helarazi die mandatari israeldarrak bahituei, eta "ahal duen guztia" egingo duela hitz eman die, "bahitu guztiak etxera itzul daitezen".
"Hamasek bahitutako Elena Trupanov, Danielle Aloni eta Rimon Kirshti (bideoan agertzen diren hiru emakumeen izen-abizenak) besarkada bat bidaltzen diet. Gure bihotzak zuekin eta beste bahitu guztiekin daude", esan du Natanyahuk.
Hamasek zabaltzen duen bahituen bigarren bideoa da honakoa. Duela bi aste, beste emakume israeldar baten irudiak zabaldu zituen, hark ere askapena eskatuz.
Israelgo Armadaren lurreko indarrek Gazako Zerrendan barrena aurrera egiten jarraitzen dute, eta Gaza hiriaren kanpoaldera iritsi dira dagoeneko. Zehazki, Gazako Zerrenda iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen Salahedingo errepidera heldu dira.