Politika -

Muga

Avenida zubia berriro ireki dute, 2021eko urtarriletik itxita egon ondoren

Irun eta Hendaia lotzen dituen oinezkoentzako zubia erabilgarri dago berriro igande honetatik aurrera, iragarritakoa baino egun bat lehenago.

Frantziako langileek zubian zeuden hesiak kendu dituzte. Argazkia: EITB Media
Frantziako langileek zubian zeuden hesiak kendu dituzte. Argazkia: EITB Media
Frantziako langileek zubian zeuden hesiak kendu dituzte. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen Avenida zubi historikoa ireki du berriro igande honetan, iragarri baino egun bat lehenago. Duela hiru urte itxi zuten Frantziako agintariek, "arrisku terrorista" zela eta.

Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak arratsaldean bertan eman dio albistearen berri Jose Antonio Santano Irungo alkateari, Udaletik jakitera eman dutenez. Ondoren, Hego eta Ipar Euskal Herria arteko zubian bidea mozten zuten hesiak kendu dituzte Frantziako langileek.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak duela bi aste iragarri zuen urriaren 30ean lau pasabide irekiko zituela: Avenida zubia eta Larrainekoa, Urkiagakoa eta Izpegikoa, Nafarroan. Hain zuzen ere, Frantzian atzora arte jokatu den Munduko Errugbi Txapelketa amaitu arte itxaron nahi zuten irekitzeko.

Erakunde horrek azaldu zuenez, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak gutun bidez jakinarazi zion irailaren 30ean Fernando Grande-Marlaska Espainiako homologoari erabakia. Gutunean, ministroari azaldu zion "zonaldean patruila mistoekin egindako aurrerapenengatik" irekiko zutela berriro pasabidea.

Hain zuzen ere, urtarrilaren 19an Bartzelonan Frantzia-Espainia goi-bileran "mugaz gaindiko lankidetza areagotzea" adostu zuten, eta, horren ondorioz, patruila bateratuen kopurua handitu da Pirinio Atlantikoetan, eta datozen asteetan ugaritzea espero da, gainera.

Erakundeak eta gizarte-eragileak, itxieraren aurka

2021eko urtarrilean Avenida zubia itxi zutenetik, mugaren bi aldeetako erakunde sozialek salatu dute, arrisku terroristaren aitzakiapean, migrazioa mugatzea zela benetan kontrolen helburua.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, baita mugaren bi aldeetako alderdi eta erakundeek ere, behin eta berriro eskatu diote Frantziari pasabidea berriro irekitzeko. 13.000 herritarrek ere babestu zuten, euren sinadurekin, aldarrikapen hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Iparraldea Frantzia Hendaia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Frantziako Gobernua gaur