Politika -
Koalizio gobernua
Diazek hitzeman du legealdi berrian "bizitzarako denbora" irabaziko duela gizarteak
Espainian koalizio gobernu "aurrerakoia" osatzeko akordioa lortu dute PSOEk eta SumarreK.
EITB MEDIA
PSOEk eta Sumarrek koalizio "progresistan" gobernatzeko hitzartutako akordioaren ondotik iritsi da bi alderdi horietako buru Pedro Sanchezen eta Yolanda Diazen agerraldia. Biek ala biek itunaren nondik norakoak zehaztu dituzte; besteak beste, 40 orduko lanaldia 37,5 ordura jaistea adostu dute.
Diaz izan da hitza hartzen lehena. Berbetan hasi eta batera, hitzeman du "bizitzarako denbora" irabaziko duela gizarteak legealdi berrian. Hitz horiekin definitu du atzo itundutako akordioaren muina. "Ez da PSOEren akordioa, ezta Sumarrena ere, zurea da, zuena, hobeto bizitzeko aukera bat da". Hori horrela, argi utzi du bizitzari denbora emango dion legealdia izango dela, adibidez, soldata txikitu gabe lanaldia murriztuko dutelako, eta, horrenbestez, "jendearen bizimodua hobetuko dugulako".
"Langileekin, emakumeekin, planetarekin zein adinekoekin hartzen dugu konpromisoa. Guztiei orain arte egindako ahaleginak itzuliko dizkiegu, itxaropena berreskuratuko dute, hau da, uztailaren 23an hauteslekuetan eskatu zutena jasoko dute, zinezko irakaspen demokratikoa, alegia", esan du, eta horri erantsi dio Espainiak beti egin izan duela askatasunaren alde, eta gaurkoan ere halaxe egin duela Sanchez presidenteak.
"Handitzat" jo du gaurko eguna Sumar alderdiko buruak. "Gure ondare bakarra da denbora eta herria hobetzeko egiten dugun guztia, eta akordio honekin zuen esanetara jartzen gara. Berdinagoak izango gara, askeagoak, eta beti defendatu izan dudan politika erabilgarria egiteko balioko du", azpimarratu du.