Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzar: "Euskal herritarrak eta kataluniarrak izango gara Sanchez Moncloara eramango dugunak"
Horregatik, EAJren presidenteak uste du, akordio batera iristeko, buruzagi sozialistak jaramon egin behar diela bertako alderdien eskakizunei.
eitb media
Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari eskatu dio kontuan izan dezala "euskal herritarrak eta kataluniarrak" izango direla bera "Moncloara eramango dutenak". Horregatik, espero du jaramon egingo diela bertako alderdien eskakizunei, tartean Euskadiren nazio aitortzari.
Ortuzarrek Radio Euskadin adierazi duenez, ez dute hauteskundeak errepikatzea nahi, eta Carles Puigdemont Junsten buruzagiarekin bildu ostean, uste du hark ere ez duela halakorik nahi.
Baina buruzagi jeltzaleak aitortu du "negoziazio zaila" izango dela "materialki eta sinbolikoki"; alde batetik, Kataluniako erreferendumak eragin zuen "haustura nola gainditzen den" ikusi behar delako, eta bestetik, nola jorratzen diren EAJk eskatzen dituen "nazio eta aldebitasun" ikuspegiak.
Ortuzarrek gogorarazi du aurreko legegintzaldian Sanchezekin izan duten harremana ez dela "guztiz ona" izan, eta oraingoan "benetan beteko diren konpromisoak" lortzen saiatuko direla, "asmo oneko adierazpenetatik harago". Horren harira, azpimarratu du "Euskadiren nazio aitortza" bilatuko dutela, "horren inguruan hitz egiteko unea" dela iritzita.
EAJren presidenteak bat egiten du Iñigo Urkullu lehendakariak lan-gatazken ustezko erabilera politikoaz duen iritziarekin: "Sua hauspotzen ari dira, gatazka batzuk modu artifizialean luzatzen. Hauteskundeak igaro eta 15 egunera iritsi dira akordioak. Gatazka sozialak ugaritu egin dira maiatzeko eta uztaileko hauteskundeen atarian".
Azkenik, EAJk aurkeztuko duen lehendakarigaia nor izango den galdetuta, erantzun du "dagokionean" iragarriko dutela, ia bi hilabeteko prozesu bat behar baitute aukeratzeko, eta ez dute orain egin nahi, Espainiako Estatuan gertatzen denak "eragina izan baitezake euskal legegintzaldiaren amaieran".