Politika -

ISRAEL-HAMAS GERRA

155 pertsona ezagunek bat egin dute Gazako "sarraskia" gelditzeko Donostian egingo den manifestazioarekin

Halaber "Gernika-Palestina" ekimenak antolatutako manifestazioari babesa eskaini diote EH Bildu, EH Bai, Sortu, Ahal Dugu eta Ezker Anitza-IU alderdi politikoek eta ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, eta EHNE sindikatuek. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.

"Gernika-Palestina" ekimenak deitutako mobilizazioaren aurkezpena. Irudia: EITB Media
"Gernika-Palestina" ekimenak deitutako mobilizazioaren aurkezpena
"Gernika-Palestina" ekimenak deitutako mobilizazioaren aurkezpena. Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gizarteko alor ezberdinetako 155 pertsonak, hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek bat egin dute Gazako "sarraskia" gelditzea eskatzeko larunbat honetan Donostian egingo den manifestazioarekin.

Manifestazioaren antolatzaile den "Gernika-Palestina" herri ekimenak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean "Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna" manifestuak jaso dituen atxikimenduen berri eman eta larunbateko mobilizaziorako deia egiteko.

Alderdi politikoei dagokienez, beren babesa adierazi diote EH Bildu, EH Bai, Sortu, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Nafarroa Zurekin eta Alternatiba alderdi politikoek; EAJk, aldiz, manifestaziora joateko askatasuna eman die afiliatuei. Horrez gain, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE eta CGT sindikatuak eta hainbat eragile sozial ere batu dira ekimenera, Bakea eta Duintasuna Elkartea, Hegoa Institutua, Aita Mari erreskate ontzia, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Calcuta Ondoan eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea tartean.

Alor ezberdinetan erreferente diren Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik ere sinatu dute manifestua, eta Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio, Nekane Balluerka, Juanito Oiartzabal, Fernando Bernues eta Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" dira horietako batzuk.

Agus Hernan eta Zuriñe Rodriguez bozeramaileek gazteleraz eta euskaraz irakurri duten bost puntuko manifestuan hainbat eskaera egin dituzte: berehalako su-etena, Gazako Zerrendaren aurkako erasoen amaiera, korridore humanitario seguruak ahalbidetzea edota Nazioarteko Zuzenbidean oinarritutako konponbidea negoziatzea. Halaber, elkarrizketa prozesua abiatzeko eskatu diote nazioarteari.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Eguneko albisteak Palestina gaur Protestak gaur Ekialde Hurbila