Politika -
Katalunia
Aragonesek ziurtatu du Kataluniak erreferendum bat egingo duela
Halaber, esan du amnistia "nahitaezkoa" dela "abiapuntu" gisa. "Kataluniak botoa emango du erreferendum batean, ziur nago. Borondateagatik, iraunkortasunagatik, demokraziagatik. Beti eskua luzatuta eta beti eskuak libre", azpimarratu du.
EITB MEDIA
Kataluniako presidente Pere Aragonesek adierazi du amnistia "ezinbestekoa" dela "abiapuntu" gisa, Kataluniaren eta Estatuaren arteko "gatazka politikoari" irtenbidea emate aldera, eta hau ziurtatu du: "Kataluniak botoa emango du erreferendum batean".
Senatuko areto batean hainbat senatarirekin bildu ostean, hitza hartzen lehena izan da Aragones, hamar minutuko tartean.
Amnistia "nahitaezkoa" dela, esan du, "abiapuntu" gisa. "Kataluniak botoa emango du erreferendum batean, ziur nago. Borondateagatik, iraunkortasunagatik, demokraziagatik. Beti eskua luzatuta eta beti eskuak libre", azpimarratu du.
"Alderdien arteko estatu mailako gatazketarako erabili nahi izan gaituzte gaurko saioan, berriro. Hau da, Kataluniaren kontra daudenak zirikatzen dabiltza, aurkaria ahultzeko. Batak zein besteak agindu, beti erabiltzen dute Katalunia lau boto biltzeko", kritikatu du.
Bestalde, berretsi du, "eskuineko alderdiek" diotena gorabehera, Katalunia Europako nazio "zibiko eta demokratikoa" dela, "bakean eta askatasunean aukera guztien artean erabaki nahi duena, demokrazia eta aitorpena oinarri hartuta".