Politika -
JAPONIARA BIDAIA OFIZIALA
Euskadi Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globalera batu da
Eusko Jaurlaritza gonbidatu dute G-NETS elkarteak (Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globala) 2024ko maiatzean Tokion egingo duen goi-bilerara.
EITB Media
Japoniara egindako bidaia ofizialaren azken egunean, Euskadi Jasangarritasunaren aldeko Hirien Sare Globalari (G-NETS) atxiki zaiola jakinarazi du Urkullu lehendakariak, eta bere burua eskaini du hurrengo goi-bileretarako anfitrioi gisa.
Eusko Jaurlaritza 2024ko maiatzean Tokion egingo den G-NETSeko goi-bilerara gonbidatu dute. Iragan otsailean goi-mailako lehen topaketa egin zuten Tokion, eta munduko metropoli eta hiri nagusietako buruzagiek parte hartu zuten bertan.
Gaur goizean, Urkullu lehendakaria Yuriko Koike G-NETS sarearen buru den Tokioko Metropoliko gobernadorearekin bildu da, eta Euskadi aurki egingo diren goi-bileretako baten egoitza izateko aukera eskaini dio.
Sarea 2022an sortu zuten, eta munduko hiriek erronka komunei irtenbideak aurkitzeko ezagutzak eta esperientziak eztabaidatzeko eta partekatzeko foroa izan nahi du. Azken helburua gizarte jasangarriak errealitate bihurtzea da.
Aipaturiko sarean Tokio ez ezik, Londres, Paris, Erroma eta New York hiriak ere badaude, besteak beste.