Politika -
De Miguel auzia
Aitor Telleriaren defentsak erregu errekurtsoa aurkeztu du, espetxeratzea saihesteko
Kartzelara ez sartzea eskatu zion Telleriak Arabako Auzitegiari irailean, gaixo zegoela argudiatuta, baina eskaria ukatu zioten. Sei urte, hilabete bat eta hamabost eguneko zigorra ezarri zion epaileak Arabako EAJko bigarren buruzagi ohiari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
De Miguel auziagatik zigortutako Aitor Telleriaren defentsak erregu errekurtsoa aurkeztu du Arabako Auzitegian, espetxeratzea saihesteko. EAJko lau buruzagi ohiri kartzela zigorra ezarri zien epaileak, ustelkeria auzi horrekin lotuta, eta Telleria da espetxera sartu ez den bakarra.
Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Javier Sanchez Robles Arabako EAJren buruzagi ohiak, aldiz, presondegian daude.
Telleriari sei urte, hilabete bat eta hamabost eguneko zigorra ezarri zioten, prebarikazio delituagatik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, eragimen trafikoagatik eta dirua zuritzeagatik, baina espetxean ez sartzea eskatu zuen, gaixo zegoela argudiatuta.
Arabako Auzitegiak, ordea, iritzi zion kartzelan bertan artatu ahal ziotela gaitza. Beraz, indulturako nahikoa arrazoi ez zegoela ebatzi zuen.
Orain, Arabako Auzitegiak erregu errekurtso berri hau aztertu beharko du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.