Politika -
Bidaia ofiziala Japonian
Lehendakaria euskara klase batean egon da Tokion
Urkullu Kayoko Hayashi Atzerriko Ikasketen Tokioko Unibertsitateko errektorearekin eta Masao Uchibori Fukushimako gobernadorearekin bildu da.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakaria euskara klase batean izan da Tokioko unibertsitate batean, eta bertan erantzun die japoniar ikasleek Euskadiko kulturari eta historiari buruz egindako galderei. Japoniara egindako bisita ofizialean, lehendakaria Kayoko Hayashi Atzerriko Ikasketen Tokioko Unibertsitateko (TUFS) errektorearekin bildu da.
Etxepare Euskal Institutuarekin sinatutako hitzarmen baten ondorioz, euskara eta euskal kulturari buruzko klaseak ematen dituzte unibertsitate horretan 2015etik, eta 214 ikasle izan ditu guztira.
Klasea ikusi ostean, Urkullu altxatu egin da eta ikasleen galderei erantzun die. Lehendakariak Hezkuntzaren Lege berria aipatu du, oraindik onartu gabe dagoena, eta esan du egungo hizkuntza ereduei eutsiko diela. Hala ere, zehaztu du denborarekin ikusiko dela eguneratu behar diren ala ez.
Lehendakariak adierazi duenez, japoniarrentzat eta euskaldunentzat "seriotasuna, hitza eta lanarekiko maitasuna" balio garrantzitsuak dira. Bidaia ofizial horretan, kultura, hizkuntza eta industria arloetan loturak sustatu nahi ditu, energia sektorean arreta berezia jarrita.
Lehendakaria Masao Uchibori Fukushimako gobernadorearekin bildu da, eta Mieko gobernadorearekin biltzeko asmoa ere badu. Euskadik Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu du bi prefektura horiekin, enpresa eta turismo arloetan lankidetza estutzeko.