Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Etxanobe, Guggenheim Urdaibaiz: "Artea eta natura bateratuko dituen proiektua definituko dugu legealdian"

Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, ez dute biosferaren erreserbari kalte egingo dion pausorik emango, baina gogorarazi du Daliako lantegi zaharreko lurzorua "kutsatuta" dagoela eta egitasmoan "gunea hobetuko luketen ingurumen neurri oso garrantzitsuak" daudela.

Etxanobe, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Etxanobe, elkarrizketaren une batean.
Etxanobe, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ez dio datarik jarri nahi izan Urdaibaiko Guggenheim museoari, eta zehaztu du foru erakundeak "artea eta natura bateratuko dituen proiektua definitzea jarri duela erronkatzat legealdi honetan". 

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egin dioten elkarrizketan nabarmendu duenez, biosferaren erreserba errespetatzea "marra gorria" da Aldundiarentzat, "inola ere gaindituko ez" dutena. Dena dela, gogorarazi du Dalia lantegi zaharreko lurzorua "kutsatuta" dagoela, eta aurreikusi duten esku hartzean "kalte egin baino gehiago, eremua hobetuko luketen ingurumen neurri oso garrantzitsuak" daudela. 

"Ez gara ari Bilboko museo handia objektu hegalari ezezagun bat bailitzan bertan jartzeaz", azpimarratu du. 

Hiru aldundiek egin asmo duten zerga erreformaz galdetuta, "erantzukizunez eta zorroztasunez" aritzeko deia egin du: "Edozein aldaketak nahi ez ditugun ondorioak ekar litzake", argudiatu du. Azaldu duenez, ogasunek urte amaierarako amaituko dute egungo zerga sistemaren ebaluazioa. Etxanoberen ustez, sistemak ondo funtzionatu du, inbertsioak egiteko baliabide nahikoak emateaz gain, ekonomia eta enplegua hazten lagundu duelako. "Etorkizuneko fiskalitateak bi baldintza horiek bete beharko ditu, baina, era berean, gaur egun gizartearen kezka diren beste erronka batzuei heltzea ere, hala nola, etxebizitza, gazteriaren etorkizuna edo jaiotza-tasa". 

Azkenik, iragarri du EAEko ogasunek iaz baino % 8,4 gehiago bildu dutela, eta horri esker "urtea lasai itxi" ahalko dutela. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Guggenheim Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Bizkaiko Foru Aldundia Urdaibaiko Biosfera Erreserba Elixabete Etxanobe