Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Sanchezek "zuhurtzia" eskatu dio Feijoori, eta “kaleak astintzeko egiten ari den saioa baretzeko" esan dio

Bere aldetik, Feijook salatu du amnistiari buruzko galderen aurrean erantzunik gabe geratu dela Sanchez. Gaurko bileraren ondotik, bihar BNG eta EAJ alderdietako ordezkarien txanda izango da.

Sanchez eta Feijoo, gaur arratsaldean. Argazkia: EFE
Sanchez eta Feijoo, gaur
Sanchez eta Feijoo, gaur arratsaldean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den asteazkenean abiatu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente sozialistak bilera erronda, bere inbestidurarako babes bila. Yolanda Diaz Sumarreko buruarekin bildu zen aurrena, eta gaur Alberto Nuñez Feijoo PPko ordezkaria hartu du. Aurreikusita bezala, ez da adostasunik egon, eta Sanchezek ez dio ezta eskatu ere egin Feijoori inbestidurarako babesik. Uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzak errespetatzeko galdegin dio.

Ia ordubete iraun duen bileraren ondotik, Patxi Lopez PSOEren Kongresuko eleduna agertu da hedabideen aurrera, batzarraren nondik norakoak azaltzera. Horren hitzetan, Sanchezek "zuhurtzia" eskatu dio Feijoori, eta "kaleak astintzeko egiten ari den saio etsia baretzeko" esan dio. Sozialistek uste dute PPk liskarra sustatu nahi duela kalean, ekimen ezberdinen bidez.

Feijoo ere agertu da prentsaurrean, eta, hark salatu duenez, independentisten sostengua jasotzearen truke zenbat ordaintzeko prest dagoen galdetu dionean, eufemismoekin erantzun dio jarduneko presidenteak. Ildo horretan, urtarrilaren 14rako hauteskundeak deitzeko eta amnistiaren aurrean herritarren iritzia zein den jakiteko esan dio.

Bihar BNG eta EAJ alderdietako ordezkarien txanda izango da. Hain zuzen, 11:30ean Nestor Rego BNGko diputatuarekin elkartuko da Sanchez, eta 13:00etan, Aitor Esteban jeltzaleek Madrilen duten bozeramailearekin.

Bi alderdiok aurrez esana dute PSOErekin negoziatzeko eta Sanchezen inbestidura babesteko prest daudela, betiere Euskadirako eta Galiziarako dituzten eskariak kontuan hartzen badira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo