Politika -

Inbestidura

Feijook iragarri du Konstituzionalera joko duela balizko amnistia lege baten aurka

Hori egin ezean, 'popularrak' "bidegabekeria baten konplize" izango liratekeela uste du PPko buruak. Hain justu, Sanchezen inbestidurarako bilera sortaren barruan, gaur dira biltzekoak PPko eta PSOEko buruzagiak.

Feijoo atzo Bartzelonan, amnistiaren kontrako manifestazioan. Argazkia: EFE
Feijoo atzo Bartzelonan, amnistiaren kontrako manifestazioan.
Feijoo atzo Bartzelonan, amnistiaren kontrako manifestazioan. Argazkia: EFE

Agentzia | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak iragarri duenez, balizko amnistia legearen kontra egingo du Auzitegi Konstituzionalean, hori egin ezean popularrak "bidegabekeria baten konplize" izango liratekeela iritzita. Izan ere, horren esanetan, neurria "gaiztoen arteko akordioa" da. 

Catalunya Radio irrati katean egin dioten elkarrizketa batean, Feijook esan du amnistiaren kontra "arrazoiarekin, moralarekin, etikarekin eta legearekin" jardungo dutela, eta gogorarazi du Kongresuan 50 diputatu baino gehiago izanda, epaitegietan ekinbideak egin ditzaketela. 

Bartzelonan amnistiaren aurka egindako manifestazioaren biharamunean nabarmendu duenez, ezin da onartu "legearen gainetik jarduten duen elite politiko murriztu bat" egotea, eta amnistiak bizikidetzari mesede egingo diola ukatu du. "Ez da elkarbizitza kontua, komenentzia kontua baizik", erantsi du. 

Hala, Pedro Sanchez eta Kataluniako alderdien arteko negoziazioari buruz, honakoa bota du: "Politikarien artean egindako transakzio bat da. Batzuek absoluzio judiziala lortu nahi dute, euren zigorra baliogabetzea, eta besteak Espainiako Gobernuko presidente izan nahi du. 2023ko Espainian onargarria ez den gaiztoen arteko akordioa da hauxe".  

Feijooren aburuz, amnistia "inboluzio demokratikoa da, erabaki erreakzionarioa eta, duda barik, hauteskunde iruzur masiboa. Izan ere, U23aren aurretik hautagai sozialistak esaten zuen amnistia eta erreferenduma ez zeudela Konstituzioan barruan". 

Feijoo Sanchezekin bilduko da gaur (17:00etan), azken horren inbestidurarako negoziazioetan alderdiekin deitutako bileran errondaren baitan. PPko buruak argitu duenez, inbestiduraren inguruko gaien inguruan bakarrik hitz egingo du PSOEko hautagaiarekin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozesua baztertu utzita. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PP Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean Alberto Núñez Feijóo Amnistia Legea