Politika -

Nafarroa

Alkuaz (EH Bildu) aukeratu dute Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente, PSNren botoekin

Federazioko lehen presidente euskalduna da, baita ezker abertzaleko lehena ere. "Nafarroan gehiengo aurrerakoiak eta ezkertiarrak sendotzeko beste urrats bat" izan da, Tafallako alkatearen arabera.

Xabier Alcuaz (EH Bildu), Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente berria.
Xabier Alcuaz (EH Bildu), Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente berria.
Alkuaz: ''Gobernu aurrerakoi eta ezkertiarren beste isla bat da akordio hau''

0:38

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Alkuaz Tafallako alkatea (EH Bildu) hautatu dute Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente, PSNren botoekin. Federazioko lehen presidente euskalduna da, baita ezker abertzaleko lehena ere.

Alejandro Toquero Tuterako alkatea eta Maria Lecumberri Barañaingo alkatea, biak UPNkoak, lehen presidenteorde eta bigarren presidenteorde aukeratu dituzte, hurrenez hurren.

Alkuazek 755 boto lortu ditu, Toquerok 443 eta Lecumberrik 40. Inork ez du gehiengo osoa lortu, eta UPNko hautagaiek uko egin diote bigarren itzulian aurkezteari.

Presidente berriak nabarmendu du emaitza "Nafarroan gehiengo aurrerakoiak eta ezkertiarrak sendotzeko beste urrats bat" izan dela.

Toquerok EH Bilduren hautagaitza kritikatu du koalizioak Nafarroa hegoaldean apenas zinegotzirik ez izateagatik, eta Alcuazek erantzun du EH Bildu lehen indarra izan zela azken udal hauteskundeetan foru erkidegoan.

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak EFE albiste-agentziari azaldu dionez, Alkuaz babestu dute "ez geundelako prest Alejandro Toquero bezalako hautagai baten alde bozkatzeko, erakundeak erabiltzen dituelako Nafarroako Gobernuaren aurka egiteko".

Alkuaz, aldiz, prest dago "toki entitateei mesede egingo dieten politikak eraikitzeko eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko", ez Toquerok bezala, "Gobernuari edozein kontu erabilita erasotzen baitio".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako herriak UPN PSN Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Tafalla albisteak