Politika -

Gasteiz

Beste eraso bat Fernando Buesaren memoriari: hilobia zikindu dute espraiarekin eta gorozkiekin

Gasteizko Udalak adierazpen bat onartu du atzoko eta gaurko erasoak gaitzesteko, eta EH Bildu akordio horretatik kanpo geratu da. Dena den, Arnaldo Otegik "erabateko gaitzespena" agertu du bi gertakarion aurrean.

Fernando Buesaren hilobia.
Fernando Buesaren hilobia.
Pintura beltzarekin eta gorozkiekin eraso diote Fernando Buesaren hilobiari

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zuen Fernando Buesa PSE-EEko buruzagi eta sailburu ohiaren memoriak beste eraso bat jasan du bart, Gasteizen duen hilobia espraiarekin eta gorozkiekin zikindu baitute. Udaltzaingoak hartu du gertatutakoa ikertzeko ardura, gorroto delitu gisa, eta probak bilatzen ari da.

Bezperan, Buesaren eta Jorge Diez bizkartzainaren omenez eraikitako monolitoa eraso zuten. Hain zuzen ere, ezezagunek beltzez margotu zuten monolitoaren plaka, eta udal teknikariek garbitu behar izan zuten.

Erasoon berri jakitean, Fernando Buesa Blanco Fundazioak familiaren "samin sakona" nabarmendu du, eta EH Bilduri eta Arnaldo Otegiri zuzendu zaie, eta ETA "deslegitimatu eta gaitzetsi" dezatela galdegin die. "Esan dezatela ez zuela inoiz existitu behar", azpimarratu du.

Urkullurentzat ''guztiz gaitzesgarriak'' dira Fernando Buesaren monolitoaren eta hilobiaren aurkako erasoak
Urkullurentzat ''guztiz gaitzesgarriak'' dira Fernando Buesaren monolitoaren eta hilobiaren aurkako erasoak
Urkullurentzat ''guztiz gaitzesgarriak'' dira Fernando Buesaren monolitoaren eta hilobiaren aurkako erasoak

0:47

Gasteizko Udalak adierazpena kaleratu du Fernando Buesaren eta Jorge Diez Elorzaren omenezko monolitoaren aurka atzo egin zuten erasoa eta bart Buesaren hilobiak jasandakoa gaitzesteko. Gertakariak "onartezinak" direla adierazi dute testuan, eta "biktimen sentsibilitatearekiko eta memoriarekiko gutxiespena" agertzen dutela. Era berean, elkartasuna helarazi nahi izan diete Buesaren eta Diezen familiei. 

EH Bildu adierazpen horretatik kanpo geratu da, baina atzo Rocio Viterok "arbuio irmoa" agertu zuen monolitoaren aurkako erasoaren aurrean, eta jokaera horiek "lekuz kanpo" daudela gaineratu zuen. Gainera, gaur, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak sare sozialetan zabaldu duen mezu batean "erabateko gaitzespena" agertu du gertakari horien aurrean.

Bi egunen buruan bi eraso jasan ditu ETAren biktimak. Atzo buruzagi sozialista zenaren eta Jorge Diez haren bizkartzainaren omenez Gasteizen jarritako monolitoari eraso egin zioten.

Idoia Mendia: ''Tamalez herri honetan oraindik asko egin behar dugu memoriaren alde''
Idoia Mendia: ''Tamalez herri honetan oraindik asko egin behar dugu memoriaren alde''
Idoia Mendia: ''Tamalez herri honetan oraindik asko egin behar dugu memoriaren alde''

0:35

Gaitzespen mezu gehiago

Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramaileak erasoak gaitzetsi ditu eta memoriaren kontrako "atentatu jasangaitza" direla azpimarratu du. "Buesaren memoria ezabatu nahi badute, guk indar gehiagoz gogoratuko dugu. Fernando Buesa bere ideiengatik hil zuten eta Jorge Diez bizkartzaina hura babestu nahian. Gaur Euskadi gizatiarrago eta demokratikoagoa da eurek beldurrik izan ez zutelako", aldarrikatu du. 

Carlos Iturgaiz EAEko PPren presidentearen esanetan, bestalde, sabotajeok "EAEko gizartearen gehiengoari nazka ematen diote, eta lotsarazten dute". 

Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "babesa, maitasuna eta elkartasuna" adierazi dizkie Buesaren familiari. Horren esanetan, "ekintza horrek ezin hobeki definitzen ditu egileak. Ulertezina bazaigu ere, oraindik badira gorroto irrazionalaren arrastoak euskal gizartearen sektore jakin batzuetan". 

Atzo monolitoaren kontra egindako erasoak ere gaitzespen mezu andana eragin zituen: 

Maider Etxebarria alkateak gogorarazi zuen biktimen oroimena "bizirik" mantendu behar dela, eta "egia, duintasuna eta justizia" aldarrikatu zituen.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi zuen monolitoari erasi zioten "fanatikoek" ez dutela ulertzen oroimena "giltzarria" dela "bizikidetza demokratikoa eta gizarte justoa, baketsua eta askea" eraikitzeko.

Azkenik, Ainhoa Domaica PPren eledunak gaitzetsi egin zuen erasoa, eta Euskadin oraindik ere "intolerantzia" dagoela salatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa ETA PSE-EE Araba Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Terrorismoaren Biktimak