Politika -

Elkarrizketa

Javier De Andres: "Alderdikideek animatu naute erabaki hau hartzera"

Elkarrizketa Radio Euskadin. De Andres izango da, a priori, EAEko PPko lehendakaritzan Iturgaitzen lekua hartzeko hautagai bakarra. Azaroaren 4an izango da bozketa. Belaunaldi berria alderdian sartzearen alde egingo du eta euskal politikaren "zentro-eskuinaren hutsunea" betetzen saiatuko da.

Javier de Andres.
Javier de Andres.
Javier de Andres: ''Orain PPko militante guztiak konbentzitu behar ditut''

1:42

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres Euskadiko PPko presidentea izango da, "nire kideek hala erabakitzen badute". Radio Euskadiko Boulevarden gaur goizean baieztatu duenez, une honetan lanean ari da azaroaren 4ko PPren Kongresura aurkeztu ahal izateko abalak lortzeko. De Andresek lurraldeko zuzendaritzen eta zuzendaritza nazionalaren babesa du dagoeneko, baina, argi du "militante bakoitza" konbentzitu behar duela, "horiek izango baitira botoa emango dutenak".

Arabako Ahaldun Nagusi ohia da, a priori, EAEko popularren presidentegai bakarra, eta bere burua aurkezteko erabakia hartu duela esan du, "lankide askok erabaki hori hartzera animatu nautelako". Badaki era berean, alderdiaren lehendakari izateak hurrengo lehendakarigaia izatea dakarrela berekin, hala izan ohi baita alderdian; eta halaxe onartzen du, "hori da zuzenena eta alderdia helburu batera bideratzen duena".

De Andresek bere proiektuaren ildo nagusietako batzuk zehaztu ditu: "Alde batetik, alderdian ibilbide bat eta heldutasun bat dugunok, datozen hamar edo hamabost urteetan alderdia egingo duten pertsonak sartzea egokituko zait". Era berean, PPren lana "euskal errealitate berrira" moldatzen saiatuko dela azpimarratu du, "euskal zentro-eskuinean dugun hutsunea betetzeko".

Izan ere, de Andresen arabera, "EAJ, komenientzia eta botere arrazoiengatik, ezkerrera asko hurbildu da, ezkerrarekiko mendekotasun handia du eta Sanchezen satelite bihurtu da. Gainera, biztanleriaren zati handi bat alde batera utzi du eta ezkerreko ildo ekonomiko eta sozial bat hartu du, hau da, langileen dirua bildu eta oinarrizkoak ez diren helburuetan birbanatzeko, guztiok partekatzen ez ditugun helburuetan, edo bezero-lerroetan".

Aberastasun Handien Zergari dagokionez, Andresek dio EAEko PPren babesa izateko EAJren eta PSE-EEren planteamenduak zabala beharko duela izan, popularrek "dena langileen diruarekin konpontzen ez den" eredu bat nahi dutelako.

EAJrekin egin daitezkeen balizko itunen inguruan, gogorarazi du beste garai batean posible izan zela EAJrekin akordioa lortzea, "euskal herritarren arazoak zentro-eskuineko irizpideekin konpontzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak