Politika -

Gasteiz

Pintura beltza jaurti dute ETAk hildako Fernando Buesaren eta Jorge Diezen aldeko monolitoan

Alderdi eta erakunde guztiek arbuioa agertu dute, eta oroimena eta bizikidetza aldarrikatu dituzte.

Así ha quedado el monolito tras el sabotaje
Así ha quedado el monolito tras el sabotaje
Así ha quedado el monolito tras el sabotaje

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Buesa buruzagi sozialista zenaren eta Jorge Diez haren bizkartzainaren omenez Gasteizen jarritako monolitoari eraso egin diote gaur, pintura beltza jaurtiz. ETAk hil zituen Buesa eta Diez, 2000 urteko otsailaren 22an, bonba-auto bat eztandarazita.

Hain zuzen ere, ezezagunek beltzez margotu dute monolitoaren plaka, eta udal teknikariek garbitu behar izan dute.

Fernando Buesa Fundazioak salatu egin du erasoa sare sozialetan: "gorrotoaren diskurtsoa oraindik ere indarrean dago gure gizartean, eta hura gaitzetsi egin behar dugu, terrorismoari zilegitasuna kentzeko".

Iñigo Urkullu lehendakariak "onartezin"tzat jo du gertatutakoa, eta hori "bizikidetza eraikitzea" ote den galdetu du.

Maider Etxebarria alkateak gogorarazi du biktimen oroimena "bizirik" mantendu behar dela, eta "egia, duintasuna eta justizia" aldarrikatu ditu.

EH Bildutik, Rocio Viterok "arbuio irmoa" agertu du, eta jokaera horiek "lekuz kanpo" daudela gaineratu du.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du monolitoari erasi dioten "fanatikoek" ez dutela ulertzen oroimena "giltzarria" dela "bizikidetza demokratikoa eta gizarte justoa, baketsua eta askea" eraikitzeko.

Beatriz Artolazabal EAJk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak ohartarazi du "erabateko arbuioa" merezi dutela "ETAren biktima baten monolito bati erasotzeko gai direnek".

Azkenik, Ainhoa Domaica PPren eledunak gaitzetsi egin du erasoa, eta Euskadin oraindik ere "intolerantzia" dagoela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Terrorismoaren Biktimak