Politika -
Eusko Alkartasuna
EAk bost kritiko berriz onartu ditu, baina "biltzar nazionalaren emaitzak onartu" behar dituztela uste du
Alderdiko zuzendaritzak bost alderdikide kritikoren afiliazioa eteteko 4 urteko zigorra baliogabetu zuen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren kontra helegiterik ez aurkeztea erabaki du.
E. Lotina | EITB Media
Eusko Alkartasunako Zuzendaritza Nazionalak bost alderdikide kritikoren afiliazioa eteteko 4 urteko zigorra baliogabetu zuen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren kontra helegiterik ez aurkeztea erabaki du. Horrela, alderdiak bost pertsona horiei jakinarazi die "afiliazioa, eskubideak eta betebeharrak berreskuratu dituztela".
Alderdiak ohar batean azaldu duenez, nahiz eta epaiarekin bat ez etorri, eta zigortuei egozten zitzaien diziplina-falta larriak epaileek ukatu ez arren, EAren zuzendaritzak uste du "Eusko Alkartasunarentzat onuragarriena gai hau amaitutzat ematea eta aurrera begiratzea dela".
Bestalde, EAko Zuzendaritza Nazionalak gogorarazi du justiziak atzera bota dituela 2022ko otsaileko biltzarraren aurka irekitako auzi guztiak, eta bertan onartu ziren estatutuak aski bermatu dituela, hain zuzen ere barne-hauteskundeak jasotzen ez zituztenak.
Hala, EAko zuzendaritzak azpimarratu duenez, "berriro afiliatuak dira, gainerakoak bezalaxe, beren eskubide eta betebeharrekin". Horrek espresuki dakar "biltzar nazionalaren emaitzak onartzeko betebeharra; hau da, Eba Blancok zuzendutako zuzendaritza nazionala aitortu eta onartutako estatutu eta txosten politikoa bete behar dituztela".