Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Pedro Sanchezek eta Yolanda Diazek urrian bilerak "areagotzea" adostu dute gobernu-itun bat ixteko

Buruzagi sozialistak Sumarren burua hartu du goizean Kongresuan. Datorren astean hartuko ditu gainerako alderdietako ordezkariak, Voxekoa izan ezik.

Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez, Kongresuan egindako bileran. Argazkia: Efe
Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez, Kongresuan egindako bileran
Pedro Sanchezek eta Yolanda Diazek negoziazioa azkartuko dute, hilabete honetan bertan gobernu ituna ixteko

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urrian bilerak "areagotzea" adostu dute gaur Pedro Sanchez PSOEren hautagaiak eta Yolanda Diaz Sumar koalizioko buruak, Nacho Alvarez Sumarreko bozeramaile ekonomikoak jakitera eman duenez. "Bilera positiboa izan da", horren arabera.

"Sumarrek eta PSOEk bi hilabete daramatzagu diskrezioz negoziatzen. Negoziazio honek lurralde mailako gaietan aurrera egitea ahalbidetu digu, baina oraindik gauza asko daude jorratzeko gizarte arloan", azaldu du Alvarezek.

Sumarreko ordezkariaren hitzetan, "hurrengo gobernua ezin da motel joan, lanaldia murrizteko anbizio handiko programa bat behar dugu, XXI. mendeko lanaren estatutu berri batekin, kontziliazioa bultzatuz edo etxebizitza, funtsezko gaia, landuz".

Espainiako Gobernua osatzeko erregearen mandatua laugarren aldiz jaso ondoren, Sanchezek gaur abiatu du alderdiekin bilera-erronda, bere inbestidurarako babes bila. Yolanda Diaz Sumar koalizioko buruarekin izan du lehen hitzordua, Diputatuen Kongresuan.

Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatuak Euskadi Irratian aurreratu duenez, Diazek "aldaketa sozialen alorrean" aurrera egiteko eskakizun zehatzak jarri ditu mahai gainean. 

Datorren astean, bestalde, gainerako alderdietako ordezkariekin bilduko da Sanchez. Vox errondatik kanpo utziko du, behin baino gehiagotan esan baitu eskuin muturreko alderdi batekin ez duela ezer negoziatuko. Sanchez lehen aldiz bilduko da EH Bildurekin inbestidura baterako babes bila. 

Aurrekoetan, hiru saiakeretatik azkenengoan lortu zuen PSOEren idazkari nagusiak Kongresuaren babesa presidente izateko. 2018an iritsi zen Espainiako Gobernuko presidente kargura, Mariano Rajoy PPko buruzagiaren kontra aurkeztutako zentsura-mozioak aurrera egin ondotik. 

Oraingoan, legez aurreikusita dauden epeak aintzat hartuta, gehienez azaroaren 27ra arte du Sanchezek inbestidura erdiesteko. Lortuko ez balu, hauteskunde orokorrak deitu beharko dira berriro datorren urteko urtarrilaren 14rako.

Atzo, Felipe VI.aren mandatua jaso berritan egin zuen agerraldian, Sanchezek agindu zuen "eskuzabal" jokatuko duela "legealdirako akordio zabal bat" lortzeko, "espainiarren eta Espainiako herrien arteko bizikidetza" sustatzeko. "Politikagintzak eskuzabal izatea dakar", nabarmendu zuen. "Amnistia" hitza aipatu ere ez zuen egin hitzaldi osoan.

Halaber, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiarekin hitz egiteko asmoa ere agertu zuen, baina "ez haren babesa bilatzeko", ezta "hark bezala ustelkeriaren adiera okerrenetakoa den transfugismoa eskatzeko" ere.  

Oraingoz, bere alderdiaren 121 botoak ditu ziurtatuta Sanchezek. Horiei Sumar (31), ERC (7), Junts (7), EH Bildu (6), EAJ (5), BNG (1) eta Coalicion Canaria (1) taldeenak batzea da bere helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo Yolanda Diaz Sumar Mugimendua