Politika -
Hezkuntza Legea
EH Bilduk 146 zuzenketa aurkeztu dizkio Hezkuntza proiektuari berorren "letra eta espiritua" errespetatuta
"EH Bilduk bere hitza bete du. Hezkuntza akordioarekin fidelak izan gara, eta norabide horri helduta, zehaztasuna, definizioa eta argitasuna eman nahi izan diogu egitasmoari", esan du Ikoitz Arresek.
EITB MEDIA
EH Bilduren diputatu Ikoitz Arresek agerraldia egin du goizean, Hezkuntza Legearen proiektuari aurkeztuko dizkioten zuzenketa partzialen berri emateko. Guztira, 146 zuzenketa egin ditu koalizio abertzaleak, Arreseren hitzetan, "proiektuaren letra eta espiritua" errespetatuta.
"EH Bilduk bere hitza bete du. Hezkuntza akordioarekin fidelak izan gara, eta norabide horri helduta, zehaztasuna, definizioa eta argitasuna eman nahi izan diogu egitasmoari". Horretarako, dozenaka hezkuntza eragilerekin batu dira. "Legealdiko lege garrantzitsuenaren aurrean gaude, eta ez dugu galtzen utziko", nabarmendu du.
Labur-zurrean, lege proiektuari egin dizkioten zuzenketa nagusiak zein diren argitu du:
-Legeak ondo definitu behar du ikastetxeek zer nolako baldintzak bete behar dituzten diru-laguntzak jasotzeko.
-Hizkuntza konplexutasunaren indizea sortu behar da.
-Hezkuntza inklusiboa: begirada integralagoa, adibidez, ezgaitasuna dutenen onurak ekarriko dituen legea ere izatea.
-Ikastetxe ahaldunduak sortzea, baina horien arteko lehiakortasunik gabe.
-Eraldaketa digitalaren alde egitea, ikasleen ahalduntze digitala helburu hartuta.
Arresek nabarmendu du zuzenketa azpimarragarriena, dena den, Euskal Herria nazio gisa aitortzea dela, "hezkuntza sistema propioa izateko aitortza eduki dezan".