Politika -
EAE-KO PP
Carlos Iturgaitzek ez du EAEko PPren buru izaten jarraituko
Euskadiko PPko presidenteak astearte honetan adierazi duenez, "erreleboa emateko unea iritsi da". Itxura guztien arabera, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohia izango da lider berria.
EITB MEDIA
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak astearte honetan adierazi duenez, alderdia zuzentzen hasi zenean ezarri zituen "helburuak beteta", "erreleboa emateko" eta beste pertsona bat alderdiaren buru izateko unea iritsi da. Litekeena da Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohia izatea lider berria.
Bihar, asteazkena, EAEko PPren Zuzendaritza Batzordeak premiazko bilera egingo du asteazken honetan, 2017tik egin ez duten ezohiko kongresua deitzeko. Egungo presidentearen ordezkoa izendatuko dute bertan.
Onda Vascan egindako elkarrizketan Iturgaitzek esan duenez, PPk Euskadin alderdiaren agintea hartzeko eskatu zionean "trena errailetatik kanpo zegoen eta berriz ere martxan jarri beharra zegoen".
Presidentearen arabera, EAEko PP "indartsu, batuta eta egonkor dago" gaur-gauzkoz, eta "euskal hauteskundeak deitu arte talde parlamentarioko presidente" izaten jarraituko duela azpimarratu du, "Aste Santua baino lehen", ziur asko.
Iturgaizek bere "aletxoa" jarri duela esan du, eta EAEko PP "garrantzi gutxiko alderdia izatetik garrantzia izatera" igaro dela; izan ere, azken hauteskundeetan gora egin du zinegotzietan, batzarkideetan eta Gipuzkoako Batzarretan, Gasteizko Udalean eta Durangon, besteak beste.
Bere kabuz hartutako erabakia izan dela nabarmendu du, eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentearekin hitz egin ondotik, hauteskundeak eta inbestidura igaro arte zain zegoela. Ikusteko dago, beraz, nork ordezkatuko duen, baina kiniela guztiek Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohiaren alde egin dute.