Politika -
GIZA ESKUBIDEAK
Espetxeetako langileek ETAren aldetik jasandako sufrimenduari buruzko txostena laster argitaratuko dute
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri duenez, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua egiten ari den txostenean islatzen da espetxeetako langileek ETAren terrorismoagatik jasandako sufrimendua.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak gaur iragarri du "laster" argitaratuko dela espetxeetako langileek ETAren aldetik jasandako sufrimenduari buruz Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua egiten ari den txostena.
Lehen Mandela Eguna ospatzeko ekitaldian Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari (Deustuko Unibertsitatea) eskatutako txostena da.
Mandela Eguna uztailaren 18an ospatzekoa zen, 2015ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori hautatu baitzuen, baina aurten urriaren 2ra atzeratzea erabaki zuten Espainiako hauteskunde orokorrak deitu zituztelako. Hori dela eta, aurten Mandela Egunak bat egin du Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuen egunerakin.
Gaur arratsaldean Donostiako Tabakaleran egin den ekitaldian, Arrats elkarteari eman diote Gomez Elosegui saria. Hain zuzen ere, espetxeetako jardunbide egokiengatik nabarmentzen diren pertsonei edo eta erakundeei ematen zaien saria da.