Politika -
Polizia-operazioa
Espetxera bidali dute Gasteizen atxilotutako ustezko jihadista
Fiskalak hala eskatuta, epaileak erabaki horixe hartu du delitu hauetan oinarrituta: autoadoktrinamendua, adingabeak adoktrinatzea, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea.
agentziak | eitb media
Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu du asteartean Gasteizen atxilotu zuten ustezko jihadistaren aurka. Daesheko kide izatea, sare sozialetan propaganda zabaltzea eta adoktrinamendua leporatzen diote, tartean bere seme adingabeena.
Epaitegiak denbora zeraman emakumea ikertzen, sare sozialetan erradikalizatzen ari zela eta Daeshen propaganda zabaltzen ari zela ikusita.
Sekretupean dagoen sumarioaren baitan atxilotu ostean, gaur utzi dute epailearen esku, eta ez du epailearen aurrean deklaraziorik egin nahi izan.
Hala ere, eta fiskalak hala eskatuta, epaileak behin behineko espetxealdia agindu du delitu hauetan oinarrituta: autoadoktrinamendua, adingabeak adoktrinatzea, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea.
Ministerio Publikoak azpimarratu du espetxeratzeko nahikoa argudioa badagoela, eta era berean, lau seme adingabeen tutoretza kendu behar zaiola.
Atxiloketa aurreko asteartean izan zen, Guardia Zibilak zuzendutako terrorismoaren aurkako operazio baten baitan, Gasteizko Zabalgana auzoan.