Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Elkarrekin Podemosek eta PPk eskola garraioko kontratuei buruzko Batzordea sortzeko eskaera ofiziala egin dute
Hezkuntza Sailak aholkulari baten enpresari emandako kontratuetan interes gatazka bat egon daitekeela uste dute. Lehendakariak aitortu du "arduratsuago" joka zezaketela.
eitb media
Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren Legebiltzarreko taldeek eskaera bateratua sartu dute Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Sailak eskola garraioarekin lotuta eman dituen kontratuen inguruko ikerketa batzorde bat osatzeko.
Kontratuen banaketa horretan "interes gatazka bat" egon litekeela pentsatzen dute, eta horregatik egin dute eskaera.
Azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak "pertsona bat kontratatu zuen aholkulari eta kanpo bitartekari lanak egiteko eskola garraioko ibilbideen esleipenekin egondako gatazkan, eta pertsona hori esleipenetan parte hartu zuen enpresa bateko idazkari eta kontseilaria da". Gainera, Gipuzkoako kontratuen "zati handi bat" pertsona horren enpresari eman zitzaion.
Hori baieztatuko balitz, egoera "oso larria" izango litzatekeela iritzi diote, eta "Gobernu honek zerbitzu publikoekin egiten duen kudeaketa kolokan" jarriko lukeela.
Horregatik guztiagatik, ikerketa batzorde bat osatu nahi dute kontratazioen prozesu osoan "egon litezkeen ardura politikoak argitzeko".
Gaur bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak konfiantza osoa helarazi dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Lehendakariak esan du ez dagoela "interes gatazkarik" auzi horretan, baina onartu du gai honekin "arduratsuagoak" izan beharko zuketela eta "interpretazio okerrak" saihesten ahalegindu. Halaber, gogoratu du sailburuak azalpenak eman dituela eta datorren asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean agerraldia egingo duela.