Politika -
HEZKUNTZA LEGEA
EH Bilduk leialtasuna eskatu die Hezkuntza Legearen oinarriak adostu zituzten alderdiei
Bost egun barru amaituko da Hezkuntza Legearen Proiektuari zuzenketak aurkezteko. EAEko hezkuntza sistema eraldatzera datorren araua da.
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak joan den apirilean utzi zuen Euskal Autonomia Erkideko Hezkuntza lege proiektua Eusko Legebiltzarraren esku, erakunde horrek araua tramitazio bidean jar zezan, eta datorren asteartean amaituko da zuzenketak aurkezteko epea.
Lege proiektua fase berri batean sartzear dagoenean, Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egin du hedabideen aurrean Gasteizko Ganberan, Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko akordioa izenpetu zuten alderdiei —EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta ezker abertzaleko koalizioa bera— "zorroztasuna" eta "leialtasuna" eskatzeko. "Dei egiten diegu alderdi guztiei, eta apelazio horretan sartzen gara noski, hezkuntza akordioarekin bat etorriz jardutera, itunaren espirituari eta letrari leial izatera", esan du. Halaber, "alderdi politikoen epe laburreko interesak kanpoan" uzteko ere galdegin du.
Tramitazio bide horretan hurrengo urratsak zeintzuk izango diren azaldu du Arresek. Esan duenez, koalizioaren aurreikuspenen arabera, osoko zuzenketak (baldin eta aurkezten badira) urriaren 19an eztabaidatuko lirateke Legebiltzarrean, eta hortik aurrera, zuzenketa partzialak eztabaidatzeko ponentzia jarriko litzateke martxan, epe mugarik gabe. Legea behin betiko noiz onartzea espero duten ez du argitu.