Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Legebiltzarrak Memoria Historikoaren legea onartu du, gehiengo zabalarekin

Ganberako ordezkarien % 90ek babestu dute araudia (EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta EP-IU k alde bozkatu dute). Urkulluk biktimekin ospatu du legearekin emandako "pauso garrantzitsua". Elkarte memorialistek "historikotzat" jo dute eguna. Biktima batzuk Legebiltzarrean izan dira bozketa jarraitzen.

Lehendakaria Natividad Roa biktima zoriontzen, Melgosa ondoan duela. Argazkia: EFE
Lehendakaria Natividad Roa biktima zoriontzen, Melgosa ondoan duela.
Lehendakaria Natividad Roa biktima zoriontzen, Melgosa ondoan duela. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Babes zabalarekin, Ganberaren ordezkarien % 90en aldeko botoarekin, onartu dute Legebiltzarrean Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea. Ekimenaren alde egin dute Jaurlaritza osatzen duten bi taldeek (EAJ eta PSE-EE), EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk (EP-IU). Eskuinak (PP, Vox eta Ciudadanos; 7 boto, guztira), aldiz, kontra bozkatu du. 

Bi urte baino gehiagoz izapidetzen izan ondoren onartu dute legea. Aurrerantzean, hainbeste urtez galdegindako justizia eta erreparazioa eskuratuko dute Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimek (1936-1978 epeari dagozkionak). Horietako batzuek gonbidatuen tribunatik jarraitu dute bozketa.

Hain justu, Iñigo Urkullu lehendakaria biktimengana hurbildu da legea onartu berritan, eta banan-banan, eskua eman eta zorionak eman dizkie. Lehendakariaren hitzetan, araudi hau "oso garrantzitsua zen. Euskadik behar zuen urrats garrantzitsu hau, eta orain erakundeok lanean jarraituko dugu oroimenaren elkarteekin batera". 

Euskadiko egoera Estatuko beste erkidego batzuetan dagoenarekin alderatu du lehendakariak (atzo bertan memoria historikoaren legea bertan behera utziko zuela iragarri zuen Kantabriako Gobernuak). Haren esanetan, EAEko "biztanleriaren gehiengoak, hauteskundeen bidez, aukeratzen duen ordezkaritza politiko eta instituzionalak oso bestelako zentzua du memoriari dagokionez. Iragana ahaztu gabe, oraina eta etorkizunari begira lan egiten jarraitu behar dugu". 

Ildo beretik mintzatu da Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Gaur emandakoa "pauso garrantzitsu eta erabakigarria" izan dela nabarmendu du, eta izapidetzean zein onarpenean izandako "adostasuna" goraipatu du. Melgosaren hitzetan, "hau ez da inoren kontrako legea, hori argi eta garbi esan nahi dut. Guztion legea da, harro sentitu beharko ginateke, eta guztion ondarea izan beharko luke". 

Melgosak lege hau posible egin dutenen lana eskertu nahi izan du: Gogora institutuarena, Aintzane Ezenarro buru dela; Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearena, eta "lege honen alde lan egin duten pertsona anonimo guztiena". 

"Egun historikoa", elkarteen ustez

Memoria historikoaren alde lan egiten duten elkarteek, bestalde, "egun historikotzat" jo dute gaurkoa, baina ohartarazi dute "zuhur" jarraituko dutela legea betetzen dela egiaztatzeko. "Hau ez da kajoian gordetzeko lege bat. Hemen ez da ezer bukatzen, hasi egiten da", nabarmendu du Josu Ibargutxi Frankismoaren Biktimen Elkarteko bozeramaileak.

Frankismo garaiko biktimetako batzuk, bilkura jarraitzen. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Araudiak biktimak aitortzeko eta erreparatzeko ekimen berriak zehaztu ditu, eta memoriaren kontrako ekintzak egiteagatik 150.000 eurorainoko isunak aurreikusi. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa Gogora