Politika -
Memoria historikoa
Memoria historikoaren EAEko legearen gakoak
Araudiak memoria sustatzeko eta Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimen erreparazioa bermatzeko neurri berriak ditu. Ikur frankistak desagerrarazteko pausoak aurreikuisten ditu, baita 150.000 eurorainoko isunak arau-hausteengatik.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Legebiltzarrak gehiengo zabalez onartu duen Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) memoria historikoa berreskuratzeko bidean politika publikoek jarraitu beharreko ildo nagusiak zehazten ditu araudiak, baita arau-esparrua eman. Besteak beste, biktimak aitortzeko eta erreparatzeko ekimen berriak zehaztu, eta memoriaren kontrako ekintzak egiteagatik 150.000 eurorainoko isunak aurreikusi dituzte.
Legeak bi helburu nagusi ditu. Batetik, "Gerra Zibilean eta diktadura garaian arrazoi politiko, ideologiko edo erlijiosoengatik jazarpena edo indarkeria jasan zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonal eta familiarraren berreskurapena sustatzea". Bestetik, balio eta printzipio demokratikoak bultzatzea.
Honakoak dira biktimatzat joko direnak: bonbardaketen, epaiketaz kanpoko exekuzioetan, espetxean edo "legezkotasun demokratikoa defendatzearen ondorioz" hildakoak; espetxeratu, torturatu, deportatu eta nahitaezko lanak egitera behartu edo kontzentrazio esparruetan sartu zituzten pertsonak. Biktima izaera izango dute, halaber, erbesteratutakoak, errepresaliatutakoak edo errepresio ekonomikoa jasan zutenak. Gizabanakoak ez ezik, kolektiboak ere izan daitezke biktimak: hala nola, alderdi politikoak, sindikatuak edo mugimendu feministak. Testuan euren ideologia eta lanbideagatik errepresioa jasan zuten pertsonak aipatzen dira, Bigarren Errepublikako maisu-maistren kasua espreski jasota. Diktadura frankistan sexu-orientazioa dela-eta edo gutxiengo etniko bateko kide izateagatik errepresioa jasan zuten pertsonak, eta frankismo garaian, euskara erabiltzeagatik jazarpena eta errepresioa jasan zutenak.
Eusko Jaurlaritzak egindako dokumentu pertsonalizatu eta instituzional bat eskuratzeko aukera izango dute denek ere. Gainera, oraindik datarik ez badu ere, estatu kolpe militarraren zein diktaduraren biktimak urtero oroitu eta omentzeko egun bat zehaztuko dela jasotzen du legeak
Gogora institutua, Memoria historikoaren ardatz
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak nagusitasuna irabaziko du araudi berriarekin, eta Euskadin memoria historikoa zaintzeko erakunde erreferentea izango da. Aintzane Ezenarrok zuzentzen duen institutuari dagokio, esaterako, Gerra zibilean eta frankismoan, 1936-1978 epean, Euskadin izandako gizaeskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena egitea. Bildutako datuekin, hildako biktimen datu basea osatuko du, errolda publiko bihurtuta.
Gogora institutuak beste zeregin batzuk ere izango ditu: epaitegietara jo nahi duten biktimak laguntzea, eta Gerra zibilean eta diktaduran desagertutako pertsonak bilatzea, desobiratzea eta identifikatzea. Horren harira, gorpuzkiak desobiratzen direnean hezurretatik lagin genetikoak atera, eta horiekin DNA banku sistema bat ezarri eta kudeatuko du.
Era berean, legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, kalte-ordain ekonomiko osagarriak bidezkoak eta bideragarriak diren aztertu beharko du.
Euskadiko memoria historikoaren lekuak, guneak eta ibilbideak zehaztuta mapa osatu beharko du Gogorak.
Halaber, memoria historikoaren kontrakoak diren ikurrak zeintzuk diren zehaztu eta horiek kentzeko bideak ezartzen ditu legeak:
Aurreikusitako isunak
Lege horren berrikuntza nagusienetarikoa da arau-hausteengatik aurreikusten dituen zehapenak dira. Arinenek 2.000 eurorainoko isunak jasoko lukete, baina larrienek 150.000 eurorainoko zigorra jaso lezakete. Tartean, arau-hauste larriak daude (10.000 eurorainoko isunekin). Arau-hausteak berriro egiteak jasotako zigorra handitzen du, izan ere, arau-hauste arin bat larri bilakatzen da automatikoki, eta larria zena, oso larri.