Politika -
polemika
Evoleren filma Zinemaldian eman behar dutela eta, elkarren aurkako iritziak eman dituzte ETAko bi biktimak
Mireia Lluch Ernest Lluchen alabaren ustez, "ezinbestekoa da biktimarioei entzutea gatazka ulertzeko". Bestela uste du Ana Aizpiri Sebastian Azpiriren arrebak. Horren aburuz, proiekzioa "moralki gaitzesgarria, mingarria eta onartezina da".
EITB Media
Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi izandakoari egindako elkarrizketa oinarri Jordi Evole kazetariak egindako filmaren (No me llame Ternera) Donostiako Zinemaldian estreinatzeak polemika eragin du, eta 500 pertsona baino gehiagok "Made in Spain" ataletik kentzeko eskatu dute, "ETAren terrorismoa zuritzen" duela iritzita. Hain justu, dokumentala eskaini behar ote den galderari erantzun diote gaur ETAko bi biktimak Radio Euskadiren "Boulevard" saioan: Ana Aizpirik eta Mireia Lluchek. Lehenengoa kontra mintzatu da, eta bigarrena, aldiz, alde.
Ana Aizpiri Sebastian Azpiri ETAk 1988an eraildako enpresaburuaren arreba da, eta filma ez emititzeko eskatu dutenetako bat. Horren ustez, dokumentala ematea "moralki gaitzesgarria, mingarria eta onartezina da", eta proiekzioa bertan behera uztea galdegin du. "Nire zergekin, ez", aldarrikatu du. Aizpirik azpimarratu duenez, Urrutikoetxea "ez da edozein terrorista" eta filma "ohore guztiekin estreinatuko dute" eta nazioartean proiekzioa izango du. Aitortu du, baina, ez duela filma ikusi —ostiralean, hilaren 22an, estreinatuko dute—.
Mireia Lluch Ernest Lluch Kataluniako politikariaren alabak (ETAk 2000. urtean hil zuen) nabarmendu du ez duela pelikula ikusi, eta hortaz, "zail" egiten zaiola estreinatu daitekeen ala ez esatea. "Zentzu askorik ez duen aurretiazko zentsura da", argudiatu du. Horren ildoan, pelikula jaialdirako hautatu duten adituen eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren irizpidean konfiantza duela esan du. ETAko biktima horren esanetan, "ezinbestekoa da biktimarioei entzutea, nahiz eta nik errespetu gutxi izan eurekiko. Hitz egiteko eskubidea dute. Gatazka zer izan zen ulertzeko beharrezkoa da. Zati bat kanpoan uzten badugu, ez dugu inoiz ulertuko zer gertatu zen".