Politika -
Madril
Aznarrek eta Rajoyk ere parte hartuko dute Feijook inbestidura baino 48 ordu lehenago egingo duen ekitaldian
'Proces'eko auzipetuen balizko amnistiaren aurkako protesta izan behar zena, "Gobernuko presidente izatetik lau botora dagoenaren lehentasunak aurrez aurre entzuteko" ekitaldi bihurtuko da.
agentziak | eitb media
Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiek ere parte hartuko dute Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagiak irailaren 24an, inbestidura saioa baino bi egun lehenago, Madrilen egingo duen ekitaldian. 'Proces'eko auzipetuen balizko amnistiaren aurkako protesta izan behar zena ekitaldi politiko bihurtu dute.
PPko iturrietatik jakinarazi dute bi presidente ohiek parte hartuko dutela. Aznarrek esana zuen bertan egongo zela alderdiak eskatuz gero.
Bestalde, PPk zehaztu du irailaren 24ko eguerdiko hitzordua ez dela azkenean Espainia plazan izango, baizik eta Felipe II.a etorbidean.
PPk azaldu duenez, "inbestidurako hitzaldian agertuko diren lehentasunak zehaztuko dituzte ekitaldian", eta espainiarren arteko berdintasuna defendatuko omen dute, "lurralde bateko edo besteko herritarrak desberdin tratatzearen aurka" agertzearekin batera.
Horren harira, alderdiak esan du PSOEk "Estatuari desafioa egin zioten politikariei amnistia" emateko "arriskua" dagoela, eta hautagai popularraren proposamena "guztiz desberdina" dela.
PPk horrela xehatu du ekitaldia, eta agerian geratu da ez dela soilik amnistiaren aukerari uko egiteko izango; izan ere, "Gobernuko presidente izatetik lau botora dagoenaren lehentasunak aurrez aurre entzuteko" ere probestuko dute abagunea.
Aznarren eta Rajoyren parte hartzeaz, PPk esan du Espainiako erregeak inbestidurarako izendatutako aurreko bi PPko hautagaiak direla, eta horregatik egongo direla bertan.