Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Eskainitakoa ukatuz gero "ezerezekin" geratzeko arriskuaz ohartarazi die Erkorekak Ertzaintzaren sindikatuei
Segurtasun sailburuak jakinarazi du onartu egin duela Ertzaintzaren hiru sindikatuek bilera bat egiteko eskaera, baina oraindik ez dutela data ezarri. ErNE, ESAN eta SiPE sindikatuek Erkoreka "berehala" kargugabetzea eskatu dute.
E.G. | EITB MEDIA
Legealdia bukatzear dagoela-eta, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren sindikatuei egindako eskaintza ukatzen jarraituz gero, "ezerezekin" geratzeko arriskuaz ohartarazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Dena dela, sindikatuek ekinbidea "berreskuratu" dutelakoan dago Erkoreka, eta negoziaziora biltzeko deia egin die berriro sailburuak.
Politika orokorreko eztabaidaren eta Ertzaintzaren sindikatuek Legebiltzarraren atarian egindako protestaren biharamunean, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketa eskaini du lehen lehendakariordea ere badenak. Bilkura horretan, Erkorekari hitzordua eskatu diotela jakinarazi zuten sindikatuek. Horren kontura, sailburuak jakinarazi du sindikatuekin batzartu batzartuko dela (duela astebete baieztatu zien), baina oraindik ez dutela data zehaztu. Bileran, lan-baldintzen ingurukoez harago, "kalean ertzaintzei errespetua galdu omen zaiela eta agenteen kontrako delituak ugaritu omen direla-eta" eman beharreko erantzuna izango dute hizpide.
Ertzainak gatazkan plataformak sindikatuen jarduna ezkutatzen jarraitzen ote duen galdetuta, Erkorekak esan du espero duela zentralek lehen lerroa "berreskuratzea". Azaldu duenez, plataforma horren "mehatxu nagusia, xantaia egiteko zuten tresna nagusia —akordioa duin bat lortu ezean Tourra egingo ez zela— desegin egin da", eta hortaz, "zerbait egin behar dute", esan du. "Eskaintza bat badute mahai gainean, eskaintza oso ona da, langile askorentzat mesedegarria eta hobekuntza konkretuak jasotzen dituena. Hori ukatuz gero, agian legealdia bukatu daiteke eta ezerezekin gera daitezke", ohartarazi du.
"Gure eskaintzak mahai gainean jarraitzen du. Guk ez dugu inoiz Mahaia bazterrean utzi. Mahaitik joan-etorrian egon direnak sindikatuak izan dira. Esan genien ez genuela soldata igoera lineala onartuko plantilla guztiarentzat, ilegala da, eta harrezkero ez dute beste guztia eztabaidatu nahi izan. Aukera hori galtzen ari dira, eta hori berreskuratzekotan daudela nago", azaldu du.
ErNE, ESAN eta SiPE sindikatuek Erkoreka "berehala" kargugabetzea eskatu dute
Ertzaintzaren sindikatu nagusiek (ErNE, ESAN eta SiPE) Josu Erkoreka "berehala" kargugabetzea eskatu dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ohartarazi ostean lan baldintzak hobetu gabe gelditu daitezkeela mahai gainean dagoen proposamena baztertzen badute.
Ohar batean hiru sindikatuek azaldu dutenez, Erkorekaren adierazpenek agerian uzten dute ez duela negoziatzeko borondaterik.
Sindikatu horien esanetan, Erkoreka eta "bere taldea" dira Ertzaitzaren hondoratzearen "arduradun gorenak".