Politika -
Goi-ganbera
EAJk, Juntsek eta Sumarrek talde propioa izango dute Senatuan, PSOEk senatariak laga ostean
Senatuko Mahaiak, PPren gehiengoarekin, oniritzia eman dio talde parlamentarioen osaketari, erakundearen zerbitzuen txosten juridikoan oinarrituta.
Agentziak | EITB Media
Senatuko Mahaiak, PPren gehiengoarekin, oniritzia eman dio EAJren, Juntsen eta Sumarren talde parlamentarioak osatzeari, erakundearen zerbitzuen txosten juridikoan oinarrituta. PSOEk senatariak utzi dizkio hiru indar politiko horiei.
Hala azaldu du Javier Maroto Goi Ganberako lehen presidenteordeak Senatuko Mahaiaren bileraren osteko prentsaurrekoan. Bertan esan duenez, Senatuko presidenteak talde parlamentarioen eraketa onartu du, txosten hori aztertu ondoren.
Nolanahi ere, Marotok zehaztu du Mahaiaren hurrengo bileran onartuko dutela hori, baina bozeramaileen laguntzaileekin eta aholkulari kopuruarekin zerikusia duten baldintza batzuk jarrita.
Horrela, senatari sozialistak PSOEren taldera itzultzen direnean, EAJk (bost senatari), Talde Anitzak (sei senatari) eta Ezker Konfederalak (bost senatari) diru gutxiago jasoko dute, taldeko kideen kopuruaren arabera banatuko baita, aholkulari eta bulego gutxiago izango dituzte, eta bozeramailearen ondokoa galduko dute.
Mahaiak datorren astean egingo duen bileran onartuko dira xehetasun horiek guztiak. Orduan, gainera, Talde Mistoa osatu eta legealdi berriko lehen Bozeramaileen Batzordea egingo da.
Honenbestez, Senatuak zazpi talde parlamentario izango ditu: PP, PSOE, Independentziaren aldeko Ezkerra (ERC+EH Bildu), EAJ, Talde Anitza, Ezker Konfederala eta Talde Mistoa.