Politika -

ETA-KO PRESOAK

Urkulluk Otegiri erantzun dio: "Bizikidetza ez da hau"

Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlariak Kontxako Bandera irabazi ostean egindako adierazpenen ondotik, EH Bilduko koordinatzaileak babestu egin zituen hark esandakoak, eta eskerrak eman zizkion "beti preso politikoak gogoan izateagatik".

Urkullu, EFEren artxiboko irudi batean
Urkullu, EFEren artxiboko irudi batean
Urkullu, EFEren artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak deitoratu egin ditu Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Urdaibaiko arraunlari baten adierazpenei buruz esandakoak. "Bizikidetza-Elkarbizitza ez da hau" eta "Iraganarekiko erantzukizuna ez da hau", adierazi du. Kontxako Bandera irabazi ostean arraunlaria ETAko presoekin oroitu zen, bereziki Iurgi Garitagoitia lagunarekin, Inaxio Uria enpresaburua hiltzeagatik 44 urteko kartzela zigorra betetzen ari den ETAko presoarekin.

"Tamalez, batzuek oraingoz bide luzea dute egiteko", adierazi du lehendakariak X sare sozialean, hainbat alderdi politikotako eta terrorismoaren biktimen kolektiboetako ordezkariek Otegi kritikatu eta biharamunean.

Igandean Urdaibaik 2023ko Kontxako Bandera irabazi ondotik Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlariak ETBri egindako adierazpenak izan dira azken orduotan zeresana eman dutenak. Besteak beste, "ez gaudela denok" gogoratu zuen, eta "besarkada estu bat" bidali zien, "bereziki Iurgirentzat". "Ea datorren urtean denak etxean ditugun", gaineratu zuen.

X sare sozialean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak gogoratu eta eskertu egin zituen Bermeoko arraunlariaren hitz horiek, eta horrelakoak entzunda hunkitu egiten dela esan zuen. Gainera, eskerrak eman zizkion "beti euskal preso politikoak gogoratzeagatik".

Testuinguru honetan, Urkulluk honakoa idatzi du: "Bizikidetza ez da hau. Iraganarekiko erantzukizuna ez da hau". Mezuan horretan gogoratu du igandean Kontxako Banderan bi kirolari umezurtz zeudela: bata, Arkaitz Diaz Donostiako patroia, ETAk 2001ean hil zuen Ramon Diaz Donostiako Itsas Komandantziako sukaldariaren semea, eta bestea, Naroa Leonet, Josu Leonet Electra enpresako langilearen alaba, ETAk urte horretan bertan hil zuena.

Azkenik, lehendakariak Inaxio Uria gogoratu du eta bere babes osoa adierazi die haren senide eta lagunei, baita "indarkeriak eragindako biktima guztiei" ere.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Otegiren adierazpenak "lekuz kanpo" daudela, eta "pertsona askorengan haserrea eragitea" ulertzen duela gaineratu du.

Arnaldo Otegiren hitzak ''lekuz kanpo'' daudela uste du Eusko Jaurlaritzak
Arnaldo Otegiren hitzak ''lekuz kanpo'' daudela uste du Eusko Jaurlaritzak
Arnaldo Otegiren hitzak ''lekuz kanpo'' daudela uste du Eusko Jaurlaritzak

1:05

EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak, Metxe Aizpuruak, bere aldetik, sortutako polemika "antzua" dela esan du. ETB1en egindako elkarrizketa batean, EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez, "ez dut uste polemika antzutan sartu behar dugunik, eta ez naiz sartuko, sortu den hori hori besterik ez baita".

Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartearen arabera, "zoritxarrekoak" dira Iñaki Goikoetxea arraunlariaren adierazpenak, eta "modu pertsonalean" egin zirela nabarmendu du, kirolariak ETBren ontzian egotea eskatu ondotik. Adierazi duenez, ez zuten bera hautatu garaipena lortuz gero taldearen izenean hitz egiteko.

Klubak "biziki sentitzen du sentsibilitate batzuei min egin diezaieketen adierazpen batzuek denboraldiko bandera garrantzitsuena irabazi izana lausotzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Iñigo Urkullu Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak