Politika -
Ikasturte politikoaren hasiera
EH Bilduk Lizarra-Garaziko Akordioa jarri du eredu askapen nazionalera eta sozialera bidean
EH Baik eta EH Bilduk batzarra egin dute gaur Hiriburun, eta ezker independentistak datozen urteetan dituen erronkei aurre egiteko ekimen berriak mahaigaineratzeaz aritu dira.
eitb media
EH Bilduk eta EH Baik ikasturte politiko berriari hasiera emateko batzarra egin dute gaur Hiriburun (Lapurdi), eta horren ondoren, Lizarra-Garaziko akordioa jarri du eredu askapen nazionalera eta sozialera bidean.
Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ezker independentista ordezkatzen dute bi koalizioek Euskal Herriak datozen garaiotan dituzten erronkak jorratu dituzte, eta subiranotasuna jarri dute ardatz "euskal herritarren, Aturritik Ebroraino bizi diren herritarren" ongizatea bermatzeko, Arnaldo Otegi eta Nikolas Blainek egindako agerraldian.
Helburu horrekin, bi alderdiek adierazi dute "ziurtasunak eta segurtasuna" direla "ezker subiranismoaren eskaintza", eta "herri gisa bizirik irauteko konbikzioa eta proiektu sendoa" dituztela.
Gainera, herritarrek geroz eta konfiantza gehiago erakutsi omen dute haiengan: "Hori erakusten dute bai Ipar Euskal Herrian bai Hego Euskal Herrian bi indar politikook azken hauteskunde zikloetan jaso ditugun emaitzek".
Aldagai sozial, ekonomiko eta kultural nagusiak aztertuta, EH Baik eta EH Bilduk ondorioztatu dute "arnasberritze nazional baten beharra, bulkada nazional berri batena" dagoela etorkizunean aurkeztuko diren erronkei aurre egiteko. Horren harira aldarrikatu dute Lizarra-Garaziko akordioa, "Euskal Herriaren susperraldi nazionalerako mugarria" izan zelakoan. Gainera, datorren asteartean, irailaren 12an, beteko dira 25 urte itun hartatik.
Lizarra-Garaziko Akordioa 1998ko irailaren 12an Lizarran Euskal Herriko hainbat alderdi politikok (EAJ, EA, HB...), sindikatuk (ELA, LAB, ESK...) eta herri-mugimenduk sinatutako itun politikoa da, ondoren urriaren 2an Donibane Garazin berretsia. Ipar Irlandako bake-prozesuaren ereduari jarraitu zion, eta Euskal Herriko gatazkari amaiera emateko asmoa zuen. Horretarako, inor baztertu gabe eta aurrebaldintzarik gabe, denen arteko negoziazio politikoa bitarteko nagusitzat jotzen zen.